2012ko Eurokopa
Ukrainak garaipen garrantzitsua lortu du Suediaren aurka (2-1)
Erredakzioa
Ibrahimovicek sartutako golari esker 0-1 irabazten hasi dira suediarrak, baina bere taldeak gehien behar zuenean Shevchenko azaldu da, eta markagailua irauli du bi gol sartuta (2-1).
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ukraina 2012ko Eurokopa honetako antolatzaileetako bat da Poloniarekin batera, eta gaur ezin hobeto ekin dio txapelketari Suediaren aurka 2-1 irabazita. Gainera, Ukraina da D multzoko liderra, Frantziak eta Ingalaterrak 1-1 berdindu baitute.
Lehen zatia parekatua izan da, eta ez da golik egon (0-0). Bigarren zatian, ordea, gol aukera eta gol ugari egon dira. Suedia 0-1 aurreratu da Ibrahimovicek 52. minutuan sartutako golari esker. Hiru minutu geroago, ordea, Ukrainak erantzuna eman du. Shevchenkok 1-1ekoa sartu du 55. minutuan. Berdinketaren gola bikain etorri zaio Ukrainari, eta etxekoek erasora jo dute. Horrela, 62. minutuan, Shevchenkok 2-1koa egin du erremate on batekin. Partidako azken minutuetan, Suediak partida berdintzeko gol aukera onak izan zituen, baina aurrelariak ez ziren fin ibili aurkariaren ate aurrean.
Fitxa teknikoa:
2 - Ukraina: Pyatov; Selin, Jacheridi, Mihalik, Gusev; Konoplianka (Devich, 90. min), Tymoschuk, Yarmolenko; Nazarenko; Shevchenko (Milevsky, 81. min) eta Voronin (Rotan, 84. min).
1 - Suedia: Isaksson; Martin Olsson, Mellberg, Granqvist, Lustig; Elm, Kallstrom; Larsson (Wilhelmsson, 68. min), Ibrahimovic, Toivonen (Svensson, 64. min); Rosenberg (Elmander, 71. min).
Golak: 0-1, 52. min: Ibrahimovic. 1-1, 55. min: Shevchenko. 2-1, 62. min: Shevchenko.
Epailea: Cüneyt Sakir (Turkia).