NAGUSITASUNEZ
Euskal Selekzioak garaipen sendoa lortu du Txileren aurka (3-0)
A. B. R. | EITB MEDIA
Euskaldunak jaun eta jabe izan dira hasieratik bukaera arte, eta Txileko selekzioa garaitu dute Mendizorrotzan Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik eta Ane Mirenek lortutako golei esker.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Selekzioak 3-0 irabazi dio Txileri Mendizorrotzan. Etxekoak nagusi izan dira partida osoan zehar, eta Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik eta Ane Mirenek eskuratutako golei esker lortu dute garaipena.
Euskal Selekzioa nagusi izan da lehenengo minutuetatik. Etxeko taldeak eskuin hegaletik bideratu du jokoa gehienbat. Hain zuzen ere, Cecilia Marcos eskuin hegaleko jokalariari egindako falta batetik heldu da euskal taldearen lehen abagunea: Nerea Eizagirreren erdiraketa Jone Ibañezek errematatu du, baina Torrero atezainak gola eragotzi du baloia kornerrera bidalita.
Txile partida orekatuz joan da apurka-apurka. Hala ere, asko kostatu zaio aurkariaren atea mehatxatzea. 34. minutuan Ane Etxezarreta erdilariak urrunetik egindako saiakera gora joan da.
Euskal Selekzioak erakutsitako jokoaren saria jaso du 41. minutuan: Nerea Eizagirrek gola sartu du area barrutik Marta San Adrianekin horma bikaina egin eta gero (1-0). Kapitainak gehiago nahi zuen, eta bi minutu beranduago, zutoinera bidali du eskuinkada bortitza. Gauzak horrela, etxeko taldearen abantailarekin iritsi da atsedenaldira norgehiagoka.
Bigarren zatian, Nerea Eizagirrek jarraitu du protagonista nagusia izaten, berak izan baitu bigarren 45 minutuetako lehendabiziko aukera jaurtiketa erdiratu batean. Partidak erritmoa galdu du bi taldeek egindako aldaketa ugariengatik. Hala ere, markagailu estuak emozioa gorenean mantendu du.
70. minutuan defentsa txiletarraren huts larria baliatu dute euskaldunek bigarren gola lortzeko. Nerea Nevadok baloia berreskuratu du, eta pasea eman dio Amaiur Sarriegiri. Horrek, atezainik gabe, barrura bidali du baloia (2-0).
Partida erabakita utzi du bigarren golak. Hala eta guztiz ere, hirugarrena lortzeko denbora izan dute euskaldunek. Maitane Vilariñok atzean utzi du bere defentsa ezker hegalean, eta bere erdiraketa Ane Mirenek baliatu du hirugarrena jartzeko markagailuan (3-0), 84. minutuan. Alaveseko jokalariak Euskal Selekzioaren partida biribildu, eta Mendizorrotzako festa itxi du.
Fitxa teknikoa:
Euskal Selekzioa: Peña; Iparragirre, Gastearena, Nevado, Etxezarreta, Sarriegi, Ibañez, San Adrian, Eizagirre, Marcos eta Baños. Aldaketak: Zalba, Vilariño, Zugasti, Urruzola, Altonaga, Zubieta eta Ane Miren.
Txile: Torrero; Figueroa, Opazo, Valencia, Araya, Olivares, Pino, Toro, Saez, Navarrete, Parraguez. Aldaketak: Canales, Lopez, Olave, Zamora, Jimenez eta Ramirez.
Golak: 1-0, Eizagirre (41. min). 2-0, Sarriegi (70. min). 3-0 Ane Miren (84. min).