Premier League
Zer leporatzen diote Manchester Cityri, eta nolako zigorrak jaso litzake?
EITB MEDIA
2009tik hainbat balizko urratze finantzario egin izana egotzi dio Premier Leaguek Cityri; klubak adierazi du "harrituta" dagoela, baina Premierrek ikerketa abiatuko du. Zigor gisa, isunak egon litezke, eta jaitsiera ere bai.
2009tik 2018ra bitartean hainbat balizko arau hauste finantzario egin izana leporatu dio Premier Leaguek Manchester Cityri, alegia, egungo txapelduna den eta une honetan sailkapenaren bigarren postuan dagoen taldeari. Horren aurrean, klubak adierazi du "harrituta" dagoela, baina Premierrek zehaztu du ikerketa abiatuko duela. Zigor gisa, baliteke Manchester Cityk isunak jasotzea, baina, halaber, aukera omen dago maila galtzeko, hau da, jaitsiera izateko arriskuan egon liteke.
Testuinguru horretan, astelehenean, Premier Leaguek Batzorde Independentea sortu du Manchester City ikertzeko; izan ere, Premierrek berak leporatu dio Manchesterreko klubari txapelketako arau finantzarioak hautsi izana. Premier Leagueren arabera, urratzeak 2009-10 denboralditik 2017-18 denboraldira bitartean gauzatu ditu Cityk; hain zuzen ere, klubak ez omen du eman, "on ustean", kontuen gaineko informazioa "egiazko ikuspegia, ikuspegi zuzena" baliatuz. Manchester Cityk 2011-12, 2013-14 eta 2017-18 denboraldietan liga irabazi zuen; egun, Aymeric Laporte Athleticeko jokalaria dabil bertan (2018tik), Txiki Begiristain Futbol Zuzendaria da, eta Pep Guardiola entrenatzailea.
2009tik 2018ra arteko tartean ikertutako agiriak ditu hizpide Premierrek, klubaren diru sarreren berri eman zituzten dokumentuak, alegia; besteak beste, babesleen diru sarrerak zehazten dituztenak. Ez omen dago guztiz argi zeintzuk diren lotutako aldeak, eta zenbatekoak izan ziren akordioen eta eragiketen kostuak.
Premierrek, bere idazkian, bost arlotan banatu ditu arau hausteak. Babesleen gainekoak azalduta, bigarren arloa taldeak 2009tik 2013ra izan zuen entrenatzaileak jasotako soldataren gainekoa da. Roberto Mancini italiarra izan zen, eta Premierren arabera, Cityk ez zituen txertatu entrenatzailearen soldataren "xehetasun" guztiak. 2010-2016 bitartean, futbolarien soldatetan ere izan omen ziren gorabeherak.
UEFAren "Fair Play" finantzarioa urratu zuen, ustez, 2013tik 2018ra arte. Horren harira, UEFAk, 2020an, bere txapelketatik kanporatu zuen City, kontrol ekonomikoko arau horiei ez jarraitzeagatik, baina Kirol Arbitrajeko Auzitegiak bertan behera utzi zuen zigorra, urte horretako uztailean.
2015-2018 bitartean, Cityk ez zuen kontuan izan Premierreko araua "errentagarritasunari eta jasangarritasunari dagokienez". Eta, amaitzeko, klubak behartuta daude Premier Leagueri laguntzera ikerketa guztietan, eta Manchester Cityk ez omen du egin 2018tik hona.
Premier Leaguek nabarmendu duenez, balizko arau hauste horiek ikertuko dituen Batzordea "isilpekoa" izango da, eta lekukotasunak modu pribatuan emango dituzte: "Premierrek ez du bestelako ezer esango, beste oharrik izan arte", amaitzen du agiriak.
Kluba, "harrituta"
Salaketen berri izan ostean, Manchester Cityk adierazi du "harrituta" dagoela, eta azpimarratu du espero duela ikerketak "behingoz" eman diezaiola amaiera kontuari.
"Manchester City harrituta dago Premier Leagueren arauen balizko urratzeengatik; bereziki, Premier Leagueri laguntza handia eta materiak ugari eman izan diogulako", esan du Cityk, ohar bidez. Klubak ongietorria eman dio Batzordeari, "modu inpartzialean azter dezan existitzen diren froga erantzunezinak".
Balizko zigorrak
Gauzak horrela, Manchester Cityk zenbait zigor jaso litzake; ekonomikoak izan litezke, baina baliteke ere jaitsiera ezartzea. Batzordeak horretarako eskumena du. Puntuak ere gal litzake Cityk, eta litekeena da horrek denboraldi honetan izatea eragina, aukera txikia baitago beste denboraldietako emaitzetan aldaketarik gertatzea. 2020an, Manchester Cityk isun ekonomikoa jaso zuen, 30 milioi eurokoa, baina azkenean Kirol Arbitrajeko Auzitegiak erabaki zuen zigorra 10 milioikoa izan zedila. Horrez gain, Cityk jokalari berriak inskribatzeko debekua jaso lezake.
Ebazpena, hori bai, urrun omen dago oraindik. Hilabeteak eman litzakete aztertzen, eta helegiteak ere egon litezke, esaterako aipatutako Kirol Arbitrajeko Auzitegiaren aurrean.
Ingalaterrako futbolean, azken zigorrak Reading eta Derby County taldeek jaso zituzten, aurreko denboraldian (2021-22an). Readingek, English Football Leagueko arau finantzarioak urratzeagatik (txapelketa horretan Ingalaterrako bigarren, hirugarren eta laugarren mailak daude), sei puntu galdu zituen, eta Derby Countyri, berriz, 21 puntu kendu zizkioten, sosik gabe egoteagatik. Azken talde hori League One mailara jaitsi zen (hirugarren mailaren parekoa da, Estatu espainiarreko 1. RFEF mailaren parekoa).
2020-21 denboraldian, Sheffield Wednesdayk sei puntu galdu zituen, arau finantzarioak urratzeagatik. 2019-20an, Wigan Athletic dirurik gabe geratu zen, eta 12 puntu galdu zituen, eta denboraldi horretan bertan Macclesfield Town eta Bolton Wanderers taldeei 17 eta 12 kendu zizkieten arazo ekonomikoengatik.
Buryk, League One mailako taldea bera, ezin izan zien aurre egin hartzekodunei, eta, hortaz, maila galdu zuen, txapelketatik kanporatuta. Portsmouthek, 2009-10an, Premier Leaguen, puntuak galdu zituen, sosik gabe geratzeagatik; lehen aldiz gertatu zitzaion hori Premier Leagueko talde bati, eta ez da berriro horrelakorik izan.