Itxi

Negreira auzia

Zer da Negreira auzia? Zer ari dira ikertzen? Zer ondorio ekar litzake?

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Fiskaltza ikertzen ari da, partikularren arteko ustezko ustelkeria delitu bat izan den argitzeko, Jose Maria Enriquez Negreira epaile ohi eta Epaileen Batzorde Teknikoko bigarrenaren enpresa bat da. Enpresa horrek, 2016tik 2018ra bitartean, 1,4 milioi euro jaso zituen Bartzelonaren aldetik.

Artxiboko irudian, Joan Laporta Bartzelonako egungo presidentea. Argazkia: EFE.

Albiste hau 2023ko apirilaren 17an eguneratu dugu, eta agertutako azken datuak erantsi ditugu

Otsailaren 21ean kaleratutako ohar bateratu batean, LaLigako klubek "arbuiatu eta gaitzetsi" egin zituzten Negreira auziko gertaerak. Hori zen, une hartan, auzi horren harira zabaldutako azken albiste nagusia. Gaiak aurreko astean egin zuen eztanda, eta eitb.eus-ek aztertu egin du zertan datzan, zer ari den ikertzen Fiskaltza, zer ondorio ekar litzakeen eta zer azaldu duten protagonistek.

Zer ari dira ikertzen Negreira auzian, eta nor ari da ikertzen?

Otsailaren 14an jakitera eman zutenez, Bartzelonako Fiskaltza DASNIL 95 SL enpresa ikertzen ari da, partikularren arteko ustezko ustelkeria delitu bat izan den argitzeko. Enpresa hori Jose Maria Enriquez Negreira epaile ohiarena da. Epaile izateari utzi ostean, Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoko bigarrena izan zen, 1994a eta 2018a bitartean. 2016a eta 2018a bitartean, Bartzelonak 1,4 milioi euro ordaindu zizkion DASNIL 95 SLri, SER Catalunyako "Que t'hi jugues" saioaren arabera. Bertan jakitera eman zutenez, ikerketa zerga ikuskapen baten ondorioz abiatu zuten; hain zuzen, aipatutako 1,4 milioi euro horien zerga ordainketagatik egin zuten ikuskapena.

Informazio horren arabera, Bartzelonak 532.728,02 euro ordaindu zizkion enpresari 2016an, 541.752 euro 2017an, eta 318.200 euro 2018an, azken ordainketa egin zuten urtean. Urte horretan, berriztatu egin zuten Epaileen Batzorde Teknikoa, eta Enriquez Negreira bertatik atera zen.

Ordainketa horien trukean, Bartzelonak epaileen gaineko txostenak jasotzen omen zituen.

Zer azaldu dute protagonistek?

Ser Catalunya irratiko saio horren esanetan, Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidente ohiak (2014tik 2020ra arte izan zen karguan) esana zuen "gastuak murrizte aldera" eman zietela amaiera ordainketei. Bartzelonako klubak jasotako txostenak, Bartomeuren arabera, "gutxienez 2003tik" zeuden, Bartomeu Bartzelonan sartu zen urtetik, eta 2018ra arte ordaindu zituzten horiek izateko, "etengabe".

Bertsio hori bera, "Que t'hi jugues" saioaren arabera, Sandro Rosellen Zuzendaritzak ere berretsi omen du; Rosell 2010etik 2014ra arte izan zen Bartzelonako presidentea. Joan Gaspartek, 2000tik 2003ra arte presidente izandakoak, adierazi du ez zegoela jakinaren gainean, ordainketa horiei dagokienez.

Cadena SER irratiari egindako adierazpen batzuetan, Enriquez Negreirak berak ziurtatu zuen ez dagoela inolako dokumentaziorik horren gainean; izan ere, azaldu zuenez, bere lana zen Bartzelonari aholkuak ahoz ematea. Besteak beste, jokalariek epaile bakoitzarekin nolako portaera izan behar zuten esaten zion Bartzelonari. Zehaztu zuen, halaber, Bartzelonak ez zuela inolako mesederik jaso, ez erabakietan ezta partidetako epaileak izendatzean ere.

Otsailaren 21ean, Joan Laporta Bartzelonako egungo presidenteak esan zuen "laster" emango zituela Negreira auziaren inguruan "eman beharreko azalpen guztiak". Klubak egun batzuk daramatza kanpo ikerketa bat egiten, eta Laportak berak azpimarratu duenez, "aurki" azalduko du zer dokumentazio duen Bartzelonak "urte horietan guztietan" egindakoen inguruan.

Bartzelonako klubeko presidenteak argitu zuen bere lehen agintaldian, 2003a eta 2010a bitartean, Enriquez Negreiraren enpresaren aldetik jasotzen zituzten zerbitzu horiek "faktura eta dokumentu eta bideo euskarri eta guzti" jasotzen zituztela. Fakturak "emandako zerbitzuengatik" ordaintzen zituztela gehitu zuen.

Joan Laportak Javier Tebas LaLigako presidentea ere izan zuen hizpide; izan ere, Tebasek Laportaren dimisioa eskatu zuen bezperan, kontuaren gaineko azalpen sinesgarririk eman ezean. "Ez diot atsegin emango, Bartzelonaren jabeak bazkideak direlako", zehaztu zuen Laportak.

Zer dio LaLigak?

Tebasek otsailaren 17an azaldu zuen LaLigak zergatik ez duen salaketarik jarri; hain zuzen, "Fiskaltza ikertzen ari da", esan zuen Tebasek, eta balizko salaketa bat "oztopoa izan liteke" horretarako, "prozesua luzatzea egin lezake eta".

Tebasen esanetan, balizko irregulartasunen bat egotekotan, kirol arloan preskribatuta egongo litzateke, eta, beraz, ez litzateke izango kirol zigorrik; zuzenbide penalean, ordea, ez litzateke preskribatuta egongo. "Aktiboak izan gara zenbait auzitan, hainbat salaketatan. Ikerketa hau Fiskaltzan dago, ez epaitegi batean, eta, ondorioz, LaLiga eta Espainiako Federazioa ez gaude prozesuan, eta ezin dugu dokumentaziorik izan", adierazi zuen. "Ez da LaLigak ez duela ikertzen; kontua da preskribatuta dagoela", argudiatu zuen Tebasek. Horren iritziz, auzia "kalte handia" eragiten ari zaio futbolari, "zerbait ondo ez dagoen zantzuak daude".

"Ordainketak daude, zenbateko batzuen truke. Ez dago argi. Nik ez dakit eraginik izan duen partidetako emaitzetan, baina, LaLigako presidente gisa, ez zait gustatzen, ez fakturak ezta ordainketak ere. LaLiga ezin da geldirik egon, zerbait ondo ez dagoen zantzurik egonez gero. Soilik saiatzeak zigorra du, ez da zertan emaitzarik lortu. Fakturetako zantzuak, kontzeptuak, epaileak neutralak izan daitezen... ez da zuzena, lehiaketa baten joko garbian. Arraroa da, argitu beharra dago", zehaztu zuen Tebasek.

Zer ondorio izan litzake?

Zentzu horretan, Bartzelonako Fiskaltza ikertzen ari den ustezko ustelkeria delitua 2023ko ekainean preskribatuko litzateke, Iusport atari espezializatuaren arabera. Hala, kirol arloko arau-hauste gisa, preskribatuta legoke, hiru urte baino gehiago joan baitira (Kirolaren Legearen 112. artikuluak epe hori zehazten du, alegia, hiru urtekoa), baina bide penalean, aldiz, preskribatzeko epea bost urtekoa da.

Kode Penaleko 286 bis artikuluak zehazten duenez, espetxe zigorra izan liteke, gutxienez sei hilabetekoa eta gehienez lau urtekoa, honelako auzietan. Gainera, inhabilitazio berezia ezartzeko aukera ere badago, gutxienez urte batekoa eta gehienez sei urtekoa, eta baita isuna ere.

Iusportek nabarmendu bezala, Negreira auzian, balizko zigorra bost urtetik beherakoa izango litzatekeenez, delitua bost urtera preskribatzen da. Bartzelonak DASNIL 95 SL enpresari egindako azken ordainketa 2018ko ekainekoa denez, gertaera hori 2023ko ekainean preskribatuko litzateke.

Eguneratzea (2023ko otsailaren 23an): Zer xehetasun berri eman dituzte jakitera?

Albistea zabalduta, hainbat komunikabidek eman zituzten jakitera xehetasun gehiago, Enriquez Negreirak eta Bartzelonak azken bi hamarkadetan izandako harremanaren gainean. Hala, Epaileen Batzorde Teknikoko presidente ohiak berak Bartzelona mehatxatu omen zuen, El Mundo egunkariak argitaratutako burofax baten bidez; bertan, Bartzelonak Enriquez Negreiraren enpresaren zerbitzuak jasotzeari eta ordaintzeari uztea erabaki zuenean, "eskandalu handia" eragingo lukeela esan zuen epaile ohiak. 2019ko otsailean, Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidente zela, epaile ohiak ohartarazi zuen aukera zegoela berak zabaltzeko, "koplarik erabili gabe, klubaren irregulartasunak, bertatik bertara ikusiak zituelako".

Ildo horretan, El Pais egunkariak adierazi zuen Fiskaltzaren ikerketak egiaztatzen duela Bartzelonako klubak zazpi milioi euro ordaindu zizkiola Enriquez Negreirari 2001a eta 2018a bitartean (2001ean Joan Gaspart zen Bartzelonako presidentea), eta, halaber, ordaindutako kopuruak nabarmen hazi zirela Laportaren lehen agintaldian (2003-2010).

Ikerketaren arabera, Negreira auziak Josep Contreras Bartzelonako zuzendari ohiari ere eragiten dio. Contreras 2022ko abenduan hil zen, eta Jose Luis Nuñezen, Joan Gasparten eta Bartomeuren zuzendaritzekin izan zuen harremana (Nuñezek 2000ean utzi zion presidente izateari). Ikertzaileek egiaztatu dute Josep Contrerasek ia % 50eko komisioak kobratu zituela Bartzelonak Javier Enriquezi egindako ordainketetan; azken hori Enriquez Negreira epaile ohiaren semea da. El Mundo egunkariaren arabera, zuzendari ohiak gutxienez 728.420 euro fakturatu zizkion Bartzelonari, 2015a eta 2018ra bitartean, Tresep enpresaren bidez. Enpresa hori Contrerasena zen.

Bitartean, LaLiga Auzitegi Nazionalari zuzendu zaio, Soule operazioa bideratzen ari den epaileari, hain zuzen; operazio horrek, besteak beste, Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia ikertzen du, ustezko ustelkeriagatik. Federazioak, 2011 eta 2016a bitartean, 4.400 euro ordaindu zizkion Enriquez Negreiraren semeari, eta LaLigak hori ikertzea nahi du, LaLigak Federazioari ematen dizkion funtsetan desbideratzerik izan ote den argitzeko, Vozpopuli hedabideak esan duenez.

Otsailaren 23an, Kirol Kontseilu Nagusiko presidenteak, Jose Manuel Francok, ziurtatu zuen erakunde horrek "irmo" jokatuko duela, "Fiskaltzak lana amaituta, nahiz eta kirol bidean gertaerak preskribatuta dauden". Francok, horrez gain, Bartzelonari eskatu zion "justiziari laguntzeko, Espainiako kirolak behar baitu auzi honetan gertatu den guztia argitzea".

Eguneratzea (2023ko martxoaren 2an): Espainiako Federazioak eta Epaileen Batzorde Teknikoak ikerketaren berri eman dute

Martxoaren 2an, Espainiako Futbol Federazioak baieztatu du ikertzen ari dela, Osotasun Sailaren bidez, Negreira kasuarekin lotuta bildu duen informazioa. Hori eginda, hainbat erakunde judiziali, gobernu erakunderi eta kirol erakunderi bidaliko die, baita UEFAri ere; izan ere, azken horrek hala eskatu dio.

Andreu Camps idazkari nagusiak azaldu duenez, Espainiako Federazioa Bartzelonako Fiskaltzarekin harremanetan jarri zen, ikerketaren berri izan ondoren; Fiskaltzaren iritziz, delitua badago, eta, Fiskaltzak salaketa aurkezten badu (martxoaren 7an jakitera eman dutenez, gertatuko da hori), Espainiako Federazioa azalduko da.

"Ikerketa amaieraraino iristea, hori da benetan garrantzitsua. Abokatuek aztertu zuten komenigarria edo kaltegarria zen salaketa edo kereila aurkeztea, informazioaren arabera, eta ondorioztatu zuten guztiz kalterako zela; izan ere, salaketa aurkeztekotan, tramitera onartzen badute, horrek geldiarazi egingo luke fiskalaren jarduketa. Fiskaltzak aurkeztu ezean, edo tramitera onartu ezean, Federazioak aztertuko du zer egin, zer informazio duen kontuan izanik. Baliteke arrazoirik egotea salaketa aurkezteko, ala ez. Egonez gero, segituan jarriko genuke epailea horren jakinaren gainean", ziurtatu du.

"Denbora honetan zehar", gehitu du, "Federazioak egiaztatu du badagoela gobernu ardurak zituen eta gertaeren berri zuen norbait. Pertsona horrek erantzukizunen bat izan lezake, eta aztertzen ari gara kereilarik aurkezteko moduan egon gintezkeen", esan du Campsek. Hori bai, ez du zehaztu noren gainean ari zen.

Agerraldi horretan bertan, Luis Medina Cantalejo Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteak nabarmendu duenez, " ez dago inolako ebidentziarik edo frogarik esateko epaileren bat lizuna denik". Horren arabera, Batzordeak helarazi dio Osotasun Sailari Negreira auziarekin lotuta orain arte bildu duen informazio guztia.

"Epaileok dugu interes handiena kontu hau argi dadin, eta errudunek, errudunik izanez gero, zigorrik zorrotzena jaso dezaten, baldin eta etxe honetan norbaitek zerbait egozgarri egin badu, norbait aberastu bada bere lana baliatuz, Espainiako arbitrajetik kanpoko zerbait eginez. Baina, honek guztiak zerikusirik al du gurekin? Kriminalizatu da, jendea epaileen aurka dabil", esan du.

Berretsi duenez, "kaltea eginda dago". Medina Cantalejoren iritziz, epaileek lanean jarraitu beharko dute, entrenatzen, eta partidetan lan ona egiten; horrez gain, erakundeen esanetara egon behar dira: "Federazioaren Osotasun Sailaren, Fiskaltzaren edo hala eskatzen duen edozein erakunderen esanetara".

Gogora ekarri du Fiskaltzaren ikerketaren berri izandakoan, biharamunean, epaile guztiak bildu zituela eta galdera batzuei erantzutea eskatu ziela; adibidez, ea 2018a baino lehen harremanik izan zuten Enriquez Negreirarekin eta haren semearekin. Hori norbaitek prentsari zabaldu ziola deitoratu du: "Egoerari heltzeko eta batera egoteko garaia zen. Tamalez, beti egoten da jarrera berekoiak nahiago dituen norbait, jarrera pertsonalistak nahiago dituena, traidoreren bat. Arratsalde horretan bertan, komunikabideek bazekiten. Hurrengo egunean, denek bidali zuten galdetegia, batek izan ezik. Deitu zitzaion, eta oraidik ez du erantzun", esan du, baina ez du argitu nor izan den. Medina Cantalejok ez du argitu epaile hori Xavier Estrada Fernandez den. Egun, VAReko epailea da, eta kereila aurkeztu du Enriquez Negreiraren eta haren semearen aurka.

Eguneratzea (2023ko martxoaren 14an): Fiskal nagusiak Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren gain jarri du Negreira auzia

Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiak, martxoaren 14an, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren gain jarri du Negreira auzia; izan ere, ustelkeriarekin lotutako ustezko delituak ari dira ikertzen, eta garrantzi handia dute ustezko delitu horiek.

Eguneratzea (2023ko martxoaren 23an): UEFA Bartzelona ikertzen hasi da, Negreira auziagatik

UEFA Bartzelona ikertzen hasi da, auziarekin lotuta. "Marko legala urratu ahal izan duen gertaera bat" dagoelako abiatu du ikerketa UEFAk.

Eguneratzea (2023ko apirilaren 17an): Bartzelonak "ez du inoiz ezer egin lehia hondatzeko", dio Joan Laporta presidenteak

Joan Laporta Bartzelonako presidenteak berretsi du Kataluniako klubak "inoiz" ez duela egin, "kirol abantailarik lortzeko, azken helburua lehia hondatzea duen ezer". Horrez gain, salatu du Bartzelona "lintxamendu publikoa" ari dela pairatzen, Negreira auziarekin lotuta; ondorioz, eskatu die "erakundeei eta komunikabideei" errespeta ditzatela "errugabetasun printzipioa".

Albisteak (5)