Ingalaterra-Italia (0-0)
Buffonek eta Diamantik Italia sailkatu dute penalti jaurtiketetan
Erredakzioa
Italiarren eta ingelesen arteko neurketa gogorra izan da, baina bi taldeak ez dira gola sartzeko gai izan. Italiak bi baloi zutoinera bidali ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fitxa teknikoa:
Ingalaterra: Hart; Glen Johnson, Terry, Lescott, Ashley Cole; Milner (Walcott, 60. minutua), Parker (Henderson, 94. minutua), Gerrard, Ashley Young; Rooney eta Welbeck (Andy Carroll, 60. minutua).
Italia: Buffon; Balzaretti, Bonucci, Barzagli, Abate (Maggio, 90. minutua); De Rossi (Nocerino, 80. minutua), Pirlo, Marchisio; Montolivo; Balotelli eta Cassano (Diamanti, 78. minutua).
Penaltiak: 0-1: Balotellik, gola. 1-1: Gerrardek, gola. 1-1: Montolivok, kanpora. 2-1: Rooneyk, gola. 2-2: Pirlok, gola. 2-2: Ashley Youngek, langara. 2-3: Nocerinok, gola. 2-3: Ashley Colek, Buffonen geldiketa. 2-4: Diamantik, gola.
Italia Polonia eta Ukrainako Eurokoparen finalerdietarako sailkatu da, Ingalaterra penalti jaurtiketetan kanporatu ostean. Norgehiagoka berdinketarekin (0-0) amaitu da eta markagailua ez da aldatu luzapenean. Penalti jaurtiketetan, Buffonek bat gelditu du eta beste bat langara bidali dute ingelesek. Italiarrek jaurtiketa bat baino ez dute huts egin eta Diamantik jaurtiketa erabakigarria asmatu du.
Bi taldeek lehen zati parekatua jokatu dute. Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da. Italiarrek eta ingelesek abaguneak izan dituzte, baina markagailuan aurrea hartzeko aukerak ez dituzte aprobetxatu.
Prandelliren jokalariek lehen abagune argia izan dute. De Rossik areaz kanpo jaurti eta baloiak langan jo du. Ingalaterrak berehala erantzun du. Welbeckek jaurtiketa egin du area barruan eta Buffonek geldiketa bikaina egin behar izan du gola saihesteko.
Hodgsonen mutilek kontraerasoan pare bat aukera gehiago sortu dituzte, baloia zelai erdian lapurtu eta gero. Italiarrek partidaren erritmoa jaitsi nahi izan dute eta Pirlok horretarako ardura hartu du. Balotellik abagune ezin hobea izan du, baina Harten aurrean bakarrik kale egin du.
Bigarren zatian neurketa galtzeko beldurra azaldu da eta horrek norgehiagoka erabat baldintzatu du. Hodgsonek bi aldaketa egin ditu. Walcott eta Carroll berdeguneratu dira Welbeck eta Milnerren ordez. Horrela, talde ingelesak futbol zuzenaren, erdiraketen eta hegaletako barnekaldien aldeko apustua egin du.
Gainera, nekea azaldu da eta bi taldeek paseetan kale egin dute. Ondorioz, abaguneak sortzea zailagoa izan da.
Prandellik azken hamar minutuetan egin ditu aldaketak, luzapenean pentsatuz. Nocerinok eta Diamantik Cassanoren eta De Rossiren lekuak hartu dituzte.
Nocerinok aukera argia izan du azken minutuetan (88. minutua), baina bere jaurtiketa Ingalaterrako atzelari batek aldaratu du. Horrela, arauzko denbora amaitu eta luzapena saihestezina izan da.
Luzapeneko lehen zatian Diamantik baloia zutoinera bidali du. Italiako jokalaria baloia erdiratzen saiatu da, baina erdiraketa jaurtiketa bihurtu da, inork ez duelako ukitu. Luzapeneko abagune argiena izan da. Italia nagusi izan da luzapenean, baina ez da gola sartzeko gai izan.
120 minutuetan bi taldeak ez dira gola egiteko kapaz izan eta penalti jaurtiketek erabaki behar izan dute. Italiarrek zorte gehiago izan eta gehiago asmatu dute jaurtiketetan.