Itxi

Negreira auzia

UEFA Bartzelona ikertzen hasi da, Negreira auziagatik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostegunean baieztatu duenez, "marko legala urratu ahal izan duen gertaera bat" dagoelako egin du.

Bartzelonako jokalariak, garaipen baten ostean. Argazkia: EFE.

UEFA, alegia, Europako futbolaren erakunde gorena, Bartzelona ikertzen hasi da, Espainiako Justizia ikertzen ari den Negreira auziarekin lotuta, ostegunean iragarri duenez. "Marko legala urratu ahal izan duen gertaera bat" dagoelako abiatu du ikerketa UEFAk.

Etika eta Diziplina Araudiari jarraituz, UEFAk hainbat diziplina ikuskatzaile izendatu ditu, ikerketa gida dezaten. Zabaldutako oharrean, UEFAk zehaztu du informazioa osatuko duela, une egokian. UEFAren arauen arabera, ikerketa bat hasten denean, aldeei abisua ematen zaie, ez bada kontrakoa komenigarritzat jotzen dutela. Ikerketak egiteko, idatzizko aztertzeak gauzatzen dituzte, eta, halaber, baliteke pertsona batzuei galdeketak egitea; beste ikerketa prozedura batzuk ere baliatu ahal dituzte: ikuskapenak, agiriak eskatzea, eta aditu txostenak izatea. Arau hausteren bat egon dela ondorioztatzen badute, espedienteari hasiera ematea eskatzen dute.  

Otsailaren 24an, hau da, Bartzelona Fiskaltzak hasitako ikerketaren berri eman eta bederatzi egunera, UEFAk auziaren gaineko informazioa eskatu zion Espainiako Futbol Federazioari; azken erakunde horretako idazkari nagusi Andreu Campsen arabera, Espainiako Federazioak eskuragarri zuen informazio guztia bidali zion UEFAri, eta, horrez gain, argi utzi zion prest zegoela laguntzen jarraitzeko.

Espainiako Futbol Federazioak iragarrita du pertsonatu egingo dela auzian, Bartzelonako Instrukzioko 1. Epaitegiak Fiskaltzak aurkeztutako salaketa tramitera onartu duela adierazita. Salaketa hori Bartzelonak Jose Maria Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteorde ohiari egindako ordainketengatik aurkeztu zuten. Real Madrilek eta Kirol Kontseilu Nagusiak ere aurreratu dute pertsonatu egingo direla, Ligak ere egin duenez.

Zerga Agentzia, 2019ko uztailean, Bartzelona ikertzen hasi zen, 2015eko, 2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietako Sozietate Zergagatik eta 2015eko, 2016ko eta 2017ko Balio Erantsiaren Gaineko Zergagatik, Enriquez Negreirarekin lotutako enpresei bidalitako fakturekin lotuta. Zerga Agentziak Fiskaltzari adierazi zion susmoak zituela, eta Fiskaltza ikertzen hasi zen, 2022ko maiatzean. 2023ko martxoaren 10ean, Bartzelonaren, Sandro Rosell eta Josep Maria Bartomeuren, Enriquez Negreiraren, Oscar Grauren eta Albert Solerren aurkako salaketa aurkeztu zuen Kataluniako hiriburuko Instrukzioko 1. Epaitegian, kirol arloan egindako ustelkeria delitu jarraitua zegoelakoan.

Epaitegiak martxoaren 15ean onartu zuen tramitera, eta onartu zuen, halaber, Liga pertsonatzea eta Xavier Estrada Fernandez epaileak aurkeztutako kereila.

Salaketaren arabera, Bartzelonak, Rosell eta Bartomeu presidente ohien bidez, "akordio erabat isilpekoa itxi zuen Jose Maria Enriquez Negreirarekin, eta akordio horri eutsi zion; helburua zen Enriquez Negreirak, Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteordea zen heinean, eta diru truke (2001-2018 bitartean, 7,3 milioi euro), Bartzelonaren mesederako ekintzak egin zitzala, klubak jokatu beharreko partidetan, epaileen erabakietan".

Duela astebete, Gianni Infantino FIFAko presidenteak (FIFA mundu mailako erakunde gorena da) onartu zuen kezka eragiten diola Negreira auziak Espainiako Estatuko futbolean sortutako egoerak, eta esan zuen ez dela ona futbolerako: "Zer gertatu zen aztertu behar da, zehazteko ea nola konpondu ahal den". "Jakina, selekzioetan eta klubetan gertatzen den guztia begiratzen dut, eta kontrako egoerak daudenean kezkatzen gaitu; izan ere, klubek, bereziki handiek, asko egiten dute futbolaren alde, ez bakarrik hiriaren edo herrialdearen alde, mundu osoan baizik. Denok gara gizakiak, akatsak egiten ditugu, eta aztertuko da, adibidez Espainian, zer gertatu zen, ikusteko nola konpondu ahal den", adierazi zuen Infantinok, presidente gisa berriro hautatu zuten Batzarra amaituta.

UEFAk 1994-95eko Txapeldunen Ligatik at utzi zuen Olympique Marseilla, egiaztatu zutenean Frantziako klubak Ligako partida bat erosi zuela (Valenciennes taldearen aurkako neurketa bat) eta ikusita Frantziako Federazioak 1993-94an lortutako Ligako titulua kendu ziola. Gerora, ez zion utzi Anderlecht taldeari Europa mailako txapelketetan parte hartzen, 1998-99 denboraldian izandako partidetako erosketa auzi batengatik. Mazedoniako Pobeda taldeak zortzi urteko zigorra jaso zuen, Europako txapelketetan parte hartzeko, 2004an Txapeldunen Ligako aurretiko kanporaketan emaitza bat manipulatu zuelako.

Albisteak (6)