Itxi

Bartzelona

Bartzelonak "ez du inoiz ezer egin lehia hondatzeko", esan du Joan Laporta presidenteak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Negreira auziaz hitz egiteko egin duen agerraldian, Laportak salatu du Bartzelona "lintxamendu publikoa" ari dela pairatzen, auzi horrekin lotuta, eta "errugabetasun printzipioa" errespetatzeko eskatu die "erakundeei eta komunikabideei" .

Your browser doesn’t support HTML5 video

Joan Laporta Bartzelonako presidenteak, astelehenean, berretsi duenez, Kataluniako klubak "inoiz ez du egin, kirol abantailarik lortzeko, lehia hondatzea helburu duen ezer". Horrez gain, salatu du Bartzelona "lintxamendu publikoa" ari dela pairatzen, Negreira auziarekin lotuta, eta "errugabetasun printzipioa" errespeta ditzatela eskatu die "erakundeei eta komunikabideei".

Laportak agerraldia egin du, hainbat komunikabideren aurrean, Negreira auzia hizpide; hain zuzen ere, Bartzelonak milioi askoko ordainketak egin zizkion Jose Maria Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoaren presidenteordeari.

Agerraldiaren hasieran, Laportak esan "ospea nazioarte mailan kentzeko kanpaina erraldoia" dagoela, "errealitatearekin inolako loturarik ez duten gaitz esateak botaz". "Bartzelonan, irabazi nahi dugu, eta asko gustatzen zaigu irabazteko aukeratzen dugun modua, alegia, ondo jokatuz. Ez zaigu gustatzen epaileen laguntzak baliatuz irabaztea. Bistakoa da aurkakoak ditugula, eta horiek gure izen ona gainbeheratu nahi dutela, batzuetan inbidiagatik, sentimenduagatik, eta beste batzuetan kirolez kanpoko kontuengatik", esan du, eta honakoa erantsi du: "Ez dute lortuko. Kanpaina horrek ez du saihestuko Bartzelonak jarraitzea mundu mailan, kirol arloan, erreferentziazko erakundea edo kluba izaten".

Joan Laportak, 2003tik 2010era bitartean eta 2021etik Bartzelonako presidentea bera, zehaztu du klubak "aholkularitza profesionala" duela, "epaileen lanarekin lotutako ibilbidea duen pertsona baten aldetik". Horrek "argitasunez eta gardentasunez" egiten zuen lan hori: "Aholkularitza hori egon bazegoen, eta fakturetan dago, banku transferentzien bidez ordaindu dugu".

"Klubetik kanpoko erakunde bateko pertsona fisiko batzuek, ez Bartzelonak, testuingurua baliatu dute, onura lortzeko. Guk klubaren ohorea babestuko dugu, eta gaiaren xehetasun guztiak agerian gera daitezela nahi dugu, inork baino gehiago. Bartzelona biktima da kontu honetan. Bartzelona ez da inondik inora erantzulea".

Kataluniako klubaren presidenteak epaileen gaineko 629 txosten teknikoak, 43 disko trinkoak eta kanpoko ikerketak aztertu dituzten lau txosten aldean zituela agertu da, eta errugabetasun presuntzioa eskatu du. "Bartzelonak ez du izan presuntzio hori, arlo mediatikoan, orain arte. Epaiketarik gabeko lintxamendua eta zigorra pairatu ditu. Epaiketa salomonikoa da, hau onartezina eta ulergaitza da", deitoratu du.

"Ligak ez du zentzuz jokatu, arduragabe ibili da, profesionaltasunik eza izan du. Polemika hau elikatzeari uzteko eskatzen diot Tebasi. Hipotesi faltsu bat ari da baliozkotzen", kritikatu du Laportak. Ondoren, berriz, eskertu egin du hainbat presidenteren jokabide zuhurra; Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentearena, Jose Manuel Franco Kirol Kontseilu Nagusiko presidentearena eta Gianni Infantino FIFAko presidentearena, besteak beste.

Albisteak (7)

Bideoak (1)