Itxi

LEHEN MAILARA

Granadak eta Las Palmasek Santander Ligara igotzea lortu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Andaluziarrek 2-0 irabazi diote Leganesi, eta kanariarrek Alavesekin berdindu dute.

Granadako jokalariak goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Granadak eta Las Palmasek Santander Ligara itzuliko direla ziurtatu dute larunbat honetan, SmartBank Ligako azken jardunaldian, Leganesi 2-0 irabazita eta Alavesekin 0-0 berdinduta, hurrenez hurren.

Andaluziarrek ez dute hutsik egin, eta urtebete geroago maila gorenera bueltatuko dira, Leganes 2-0 mendean hartu baitute, Myrto Uzuni albaniarraren eta Bryan Zaragozaren golei esker.

Bigarren Mailako golegile nagusiena den Uzunik (23 gol) 42. minutuan aurreratu du bere taldea. Bigarren zatian, 58. minutuan, Bryan Zaragozak egin du etxekoen bigarrena, partida irabaztea eta igoera bermatzea ekarri diona Paco Lopezen taldeari.

Sufrituagoa izan da Las Palmasen igoera, larunbat honetan Alavesekin 0-0 berdindu baitu. Xavier Garcia Pimientaren mutilek talde "babazorroaren" erasoei eutsi diete, eta bost urte geroago maila gorenera itzultzeko behar zuten puntua eskuratu dute.

Bestalde, Levantek, Alavesek, Eibarrek eta Albacetek igoera hori erdiesteko beste aukera bat izango dute hurrengo astean hasiko diren promozio kanporaketetan.

Hala, Levantek (hirugarren sailkatua), seigarren postuan dagoen Albaceteren aurka neurtuko ditu indarrak, eta Alavesek (laugarren sailkatua), bosgarren den Eibarren aurka jokatuko du, igoera faseko finalean postu baten bila.

Albisteak (2)