Itxi

Ingalaterrakoak, txapeldun

West Ham da Konferentzia Ligako txapelduna, finalean Fiorentina mendean hartuta

EITB Media

Leer en Castellano

Ingalaterrako taldeak 1-2ko emaitzarekin irabazi dio Italiakoari 2022-2023ko Konferentzia Ligako finala, azken minutuetan bigarren gola sartuta.

West Hameko jokalariak Konferentzia Ligako garaikurrarekin, txapelketa irabazi ostean. Argazkia: EFE

West Hamek irabazi du 2022-2023ko Konferentzia Liga, ekainaren 7an Pragako (Txekiar Errepublika) Eden Arena estadioan jokatutako finala Fiorentinari irabazita 1-2ko emaitzarekin.

Partidako lehen zatian, bi taldeetako batek ere ez du ia abagunerik sortu. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, Fiorentinak gola sartu du jokaldi nahasi batean, baina epaileak baliogabetu egin du, Jovic jokoz kanpo baitzegoen errematea egin duenean.

Golak bigarren zatian etorri dira. Neurketako 62. minutuan, Biraghi Fiorentinako jokalariak eskuarekin jo du balioa bere area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du, West Hamen alde. Benrahmak egin du penalti jaurtiketa, eta 0-1ekoa jarri du markagailuan.

Neurketako lehen golaren ostean, Fiorentinak azkar erantzun du. Italiako taldeak lehia berdindu du 67. minutuan, aurkariaren gola jaso eta lau minutura; Bonaventurak jarri du banakoa markagailuan (1-1).

Hala, berdinduta heldu da neurketa azken txanpara. Luzapena egongo zela zirudien, baina Bowenek gola sartu du West Hamentzat (1-2) 90. minutuan, eta titulua lortzetik gertu utzi du Ingalaterrako taldea.

Amaierako minutuetan, Fiorentina gola sartzen saiatu da, baina aurkaria sendo ibili da defentsako lanean, eta Italiako taldeak ezin izan du partida berdindu. Ondorioz, West Hamek bereganatu du garaipena (1-2).

Fitxa teknikoa:

Fiorentina: Terracciano; Dodô, Milenkovic, Ranieri (Igor, 84. min), Biraghi; Amrabat, Mandragora (Barak, 93. min), Bonaventura; Nico Gonzalez, Kouamé (Saponara, 62. min) eta Jovic (Cabral, 46. min).

West Ham: Areola; Coufal, Zouma (Kehrer, 61. min), Aguerd, Emerson; Soucek, Rice; Paqueta, Bowen, Benrahma (Fornals, 76. min); eta Antonio (Ogbonna, 94. min).

Golak: 0-1, 62. min: Benrahma (p). 1-1, 67. min: Bonaventura. 1-2, 90. min: Bowen.

Epailea: Carlos del Cerro Grande (ESP). Txartel horia atera die Mandragora (66. min), Duncan (67. min), Milenkovic (75. min) eta Amrabat (85. min) Fiorentinako jokalariei, baita Benrahma (31. min), Aguerd (53. min), Cresswell (91. min) eta Bowen (97. min) West Hamekoei ere.

Albisteak (3)