KONTRATU BERRITZEAK
Haritz Mujika entrenatzaileak eta Asier Goiria kirol zuzendariak Amorebietan jarraituko dute
EITB MEDIA
Bizkaiko taldeak entrenatzailearen eta kirol zuzendariaren kontratuak berritu ditu. Horrela, Mujikak hiru denboraldi egingo ditu Zornotzako taldearen aulkian, eta, aldiz, Goiriak zazpigarren denboraldia beteko du kirol zuzendari gisa.
Haritz Mujika entrenatzaileak eta Asier Goiria kirol zuzendariak urtebetez luzatu dute kontratua Amorebietarekin, klubak ostegun honetan emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Bizkaiko taldea bere historian bigarren aldiz arituko da Bigarren Mailan, aurten berriro igotzea lortu ostean.
Haritz Mujika 2021ean arduratu zen lehen aldiz taldeaz. Azken hamabi jardunaldiak zuzendu zituen, eta klubak horren aldeko apustua egin zuen SmartBank Ligako postuari heltzeko. Amaitu berri den denboraldian, hasiera gorabeheratsua izan arren, urdinak Lehen Federazioko 2. Multzoko txapeldunak izan dira, 69 puntu lortuta. Horrez gain, Mujikaren mutilek Txapeldunen Finala irabazi zuten Racing Ferrol garaituta.
"Hau izan da denboraldiaurretik entrenatzaile gisa izan dudan lehen esperientzia, eta asko ikasteko balio izan dit. Erronka honi pozez eta ilusioz egiten diot aurre, guztion lanarekin helburua lortzea eta taldea kategorian mantentzea espero dut", azaldu du Mujikak.
Bestalde, Asier Goiriak zazpigarren denboraldia beteko du kirol zuzendari gisa. Goiriak kargua hartu zuenetik, Zornotzako taldeak bere kirol etaparik arrakastatsuena izan du. Zornotzarrak birritan lortu du bere herriko taldea Bigarren Mailara: 2020-2021 eta 2022-2023 denboraldietan.
"Amorebietarekin historia egiten jarraitu nahi dut, eta osatuko dugun proiektuan sinisten dut. Futbol profesionalean izatea oso erronka handia da, eta, aldi berean, oso polita, ilusio handiz egiten diot aurre. Atzetik lan asko dago, baina badakigu zein den gure helburua, eta horren bila goaz. Hau denboran iraunkorra izatea nahi dugu, ez urtebeteko kontua", azpimarratu du Goiriak.