NEGREIRA AUZIA
Bartzelonak Txapeldunen Liga jokatu ahal izango du UEFAren "behin-behineko" onarpenarekin
EITB MEDIA
Klub katalanak Txapeldunen Ligako hurrengo edizioa jokatu ahal izango du UEFAk irekita zegoen Negreira auziaren prozedura eten ostean.
UEFAk "behin-behinean" onartu du Bartzelonak euren lehiaketetan parte hartzea 2023/2024 denboraldian, irekita zegoen Negreira auziaren prozedura eten ostean. Horrela, Bartzelonak Txapeldunen Ligako hurrengo edizioa jokatu ahal izango du.
"Klub katalana behin-behinean onartuta dago UEFAko 2023/2024 denboraldiko kluben arteko txapelketetan parte hartzeko", adierazi du UEFAk ohar baten bidez.
UEFAren Apelazio Batzordeak Bartzelona datorren denboraldiko Europako kluben arteko txapelketetan onartzeko prozedura eteteko erabakia hartu du, Negreira auziaren arira. Hala ere, auziaz arduratzen den "Etika eta Diziplina" ikerlariek berriz ireki ahalko dute auzia.
"Bartzelona behin-behinean onartuta dago UEFAren kluben arteko lehiaketetan parte hartzeko. UEFAko txapelketetan parte-hartzeko onarpena edo kanporaketaren geroko erabakia gorde egingo da", adierazi du erakundeak.
Gainera, Bartzelona "behartuta dago" kasuari buruzko aurrerapenez informatzera "Etika eta Diziplina" ikertzailei, eta, era berean, "eskatzen dituzten dokumentu eta informazio guztiak" ematera.
UEFAk ikerketa jarraitzeko eta amaitzeko eskatu die kasuaren ardura duten "Etika eta Diziplina" ikertzaileei. Horrez gain, txosten berri bat bidaltzea ere eskatu dio UEFAko Apelazio Batzordeari, baldin eta Bartzelona Europako txapelketetatik kanpo uztea edo onartzea berriro ebaluatu behar dela uste badute.