2023ko Munduko Txapelketa
Espainia final-laurdenetarako sailkatu da, Suitza mendean hartuta (1-5); Japoniak Norvegia kanporatu du (3-1)
EITB Media
Espainiako selekzioak Suitza menderatu du 1-5eko emaitzarekin Munduko Txapelketako final-zortzirenetan. Bestalde, Japonia ere final-laurdenetarako sailkatu da Norvegiari 1-3 irabazi ostean.
Espainiako eta Japoniako selekzioek 2023ko Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketako final-laurdenetarako txartelak eskuratu dituzte larunbat honetan, abuztuaren 5ean, Suitza eta Norvegia kanporatuta hurrenez hurren.
Espainiak aise hartu du mendean Suitza. Espainiako selekzioak 1-5eko emaitzarekin irabazi du final-zortzirenetako neurketa, hasieratik amaieraraino jaun eta jabe izan ostean. Bosgarren minutuan sartu du lehen gola Espainiak Aitana Bonmatiren bidez (1-0). Zazpi minutu beranduago, ordea, Suitzak berdintzea lortu du, Laia Codinak bere atean (1-1) sartu baitu baloia.
Suitzaren golak ez dio kalte handiegirik eragin Espainiari, Alba Redondok 1-2koa jarri baitu markagailuan, 17. minutuan. Gainera, atsedenaldira iritsi aurretik beste bi gol sartu ditu Espainiak: Bonmatik egin du 1-3koa 36. minutuan eta Codinak 1-4koa 45.ean.
Bigarren zatirako erabakita egon da lehia, baina Espainiako selekzioak garaipena biribildu du tarte horretan. Jennifer Hermosok (1-5) sartu du norgehiagokako azken gola 70. minutuan.
Euskal jokalariei dagokienez, Irene Paredes zein Oihane Hernandez hasierako hamaikakoan egon dira, eta partida osorik jokatu dute.
Japoniaren garaipena Norvegiaren aurka
Japoniak ere 2023 Munduko Txapelketako final-laurdenetarako sailkapena erdietsi du. Japoniarrek Norvegia kanporatuta dute, norgehiagoka 1-3ko emaitzarekin irabazita.
Neurketako 15. minutuan jarri da aurretik Japonia Ingrid Engen norvegiarrak bere atean sartutako golaren (1-0) ondorioz. Norvegiak bost minutu behar izan ditu erantzuteko, izan ere, 20. minutuan Guro Reitenek banakoa (1-1) jarri baitu markagailuan.
Bigarren zatia hasi eta lasterrean, Japoniak bere bigarren gola sartu du; Risa Shimizu (2-1) izan da golegilea, 50. minutuan.
Lehiak emozioa mantendu du ia amaierara arte, baina Japoniak partida erabakita utzi du 81. minutuan Hinata Miyazawak sartutako golarekin (3-1).