2023ko Munduko Txapelketa
Suediak mendean hartu du Japonia, eta Espainia izango du aurkari Munduko Txapelketako finalerdietan
EITB Media
Suediako selekzioak 1-2ko emaitzarekin hartu du mendean Japoniakoa final-laurdenetan; ondorioz, suediarrek Espainiako selekzioa izango dute aurkari finalerdietan.
Suediak 2023ko Munduko Txapelketako finalerdietarako txartela lortu du ostiral honetan, abuztuaren 11n, final-laurdenetan Japonia 1-2ko emaitzarekin menderatuta. Ondorioz, Suediako selekzioak Espainia izango du aurkari finalerdietan.
Neurketako lehen zatian, parekotasuna izan da nagusi. Suedia izan da baloiaren jabe, eta talde bakoitzak aukera bat izan du lehen ordu erdian, baina bietako batek ere ez du lortu aurkariaren atea zulatzea. Hala ere, 32. minutuan, Amada Ilestedtek gola sartu, eta aurretik jarri du Suedia (0-1).
Gola jaso ostean, Japonia erasora jotzen saiatu da, baina Europako selekzioak izan du abantaila handitzeko aukera atsedenaldira heldu aurretik. Asllaniren jaurtiketak, ordea, langa jo du, eta ez da ate barruan sartu.
Bigarren zatian, erasokor zelairatu da Suedia, eta epaileak europarren aldeko penaltia adierazi du 50. minutuan, Naganok baloia eskuarekin jo baitu area barruan. Filippa Angeldalek jarri du 0-2koa markagailuan, penalti jaurtiketan asmatuta.
Hala, Suediak bideratuta utzi du garaipena. Japoniak, aldiz, ez du etsi, eta bigarren gola jaso ostean, erasora jo du. Suedia atzean sartu da, eta japoniarrek ekinean jarraitu dute. Norgehiagokako 74. minutuan, epaileak Japoniaren aldeko penaltia adierazi du, Uekiri area barruan egindako falta batengatik. Uekik berak hartu du jaurtitzeko erantzukizuna, baina ez du gola sartu, jaurtiketa langara bidali baitu.
Penaltia huts egin eta gero, Japoniako selekzioak ez du etsi. Asiarrek ekinean segitu dute, eta Suediak gogotik sufritu behar izan du. Partidako 86. minutuan, Fujinoren falta jaurtiketak langa jo du, eta, minutu bat geroago, Japoniak saria jaso du: Hayashik gola sartu du (1-2). Area barruan erne ibili da, eta baloia ate barruan sartu du.
Japoniaren golak emozioa gehitu dio neurketari, baita epaileak luzatutako hamar minutuek ere. Dena den, Suediak bikain kudeatu du azken txanpa, eta garaipenak ez dio ihes egin (1-2).