Itxi

EA Sports Liga

Osasuna eta Athletic, denboraldiko lehen euskal derbirako prest

EITB Media

Leer en Castellano

Gorritxoak eta zuri-gorriak nor baino nor gehiago ibiliko dira abuztuaren 19ko 21:30ean, Sadarren, EA Sports Ligako bigarren jardunaldiko partidan.

David Garcia (Osasuna) y Raul Garcia (Athletic) Kopako finalerdietako joaneko lehian. Argazkia: EFE

Osasunak eta Athleticek abuztuaren 19an jokatuko dute EA Sports Ligako 2023-2024 denboraldiko estreinako euskal derbia, Sadarren, 21:30ean. Ligako bigarren jardunaldiari dagokion neurketa izango da.

Gorritxoek bikain ekin zioten Ligari, lehen jardunaldian Vigon Celta mendean hartuta (0-2). Ondorioz, ilusioz ekingo diote Athleticen aurkako derbiari, baina Konferentzia Ligako Brujasen aurkako play-offetako kanporaketari begira ere egongo dira, abuztuaren 24an jokatuko baitute joaneko neurketa, Sadarren, 20:30ean.

Osasunaren zalantza bakarra da Kike Barja jokatzeko prest egongo den. Bestalde, baliteke Jagoba Arrasate entrenatzaileak aldaketak egitea hamaikakoan. Gainera, Raul Garcia de Harok (gorritxoen azken fitxaketa, oraingoz) lehen minutuak izan ditzake.

Athletici dagokionez, Bilboko taldeak galdu egin zuen Ligako lehen jardunaldiko norgehiagoka, Real Madrilen aurka (0-2), eta ez zuen ondo jokatu. Horrenbestez, Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak bere lehen puntuak eskuratu nahi ditu Sadarren.

Osasunaren aurkako derbirako ez dira jokatzeko prest egongo Yeray Alvarez, Yuri Berchiche, Dani Garcia eta Peru Nolaskoain.

Ustezko hamaikakoak:

Osasuna: Sergio Herrera; Peña, Catena, David Garcia, Mojica; Torro; Ruben Garcia, Moncayola, Aimar, Moi Gomez; eta Budimir.

Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue; Vesga, Galarreta; Nico Williams, Sancet, Berenguer; eta Iñaki Williams.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero.

Estadioa: Sadar.

Ordua: 21:30.

Albisteak (3)