Itxi

Hypermotion Liga

Amorebietak lehen garaipena lortu du Andorra mendean hartuta (3-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jauregik, Erasok eta Sibok eman dizkiote hiru puntuak Bizkaiko taldeari, denboraldiko lehen garaipena lortuta.

Amorebietako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: Amorebieta

Amorebietak denboraldiko lehen garaipena lortu du, 3-0eko emaitzarekin, Andorra Lezaman mendean hartuta, Eneko Jauregi, Javi Eraso eta Kwasi Sibo jokalarien golekin. Hala, bizkaitarrek porrotik jaso gabe jarraitzen dute.

Amorebieta - Andorra partidako laburpena

Andorrak pilotaren jabetza monopolizatu du hasierako txistutik, eta Pampinen jaurtiketa baten bidez eman du etxekoen atean lehen kolpea.

Minutuek aurrera egin ahala, bisitarien jabetza ez da hain eraginkorra izan eta Haritz Mujikaren taldea luzatzen hasi da. Arrisku handirik sortu gabe, urdinak aurkariaren zelaian agerraldiak egiten hasi dira, eta atera egin duten lehen jaurtiketan bete-betean asmatu dute.

Jauregik burukada bikaina eman dio Raycoren erdiraketari, eta, langaren behealdean jo ondoren, baloia Rattiren ate barrura joan da (1-0).

Kolpe gogorra izan da Andorrarentzat, bigarren zatia hasi eta gutxira bigarren gola jaso baitute Dorriok area barruan ukitu duen hegaleko sake batean. Erasok, Andorrako defentsaren despistearen aurrean, 2-0ekoa erraz sartzeko aprobetxatu du.

Amorebietak, konfiantzaz gainezka eta partida maldan behera zuela, oso gutxi sortzen utzi die bisitariei, pare bat jaurtiketa eskas baino ez.

Partida erabakita zegoela, Kwasi Sibo ghanatarrak amaiera bikaina eman dio Amorebietaren partida handiari, Ratti gaindituta area aurretik egindako jaurtiketa batekin (3-0).

 

Fitxa teknikoa

3.- Amorebieta: Campos; Mier (Alvaro Núñez, 86. min), Manu Hernando, Etxeita, Seguin; Dorrio (Morcillo, 76. min), Alex Carbonell, Sibo, Rayco (Quintero, 86. min); Eraso (Moran, 76. min) eta Jauregi (Edwards, 68. min).

0.- Andorra: Ratti; Petxarroman (Iker Benito, 73. min), Marsa (Molina, 73. min), Arroyo (Vilanova, 63. min), Pampin; Bover (Alvaro Martín, 63. min), Jandro (Samper, 83. min), Iván Gil; Alex Calvo, Manu Nieto eta Lobete.

Golak: 1-0, 39. min: Jauregi. 2-0, 53. min: Eraso. 3-0, 91. min: Sibo.

Epailea: German Cid Camacho. Txartel horia atera die Etxeita, Quintero eta Petxarroman jokalariei.