Itxi

Hypermotion Liga

Amorebietak lehen porrota jaso du, Espanyolek partida iraulita (3-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Haritz Mujikaren taldea markagailuan aurretik jarri da lehen zatian Erasoren eta Nuñezen golekin, baina bigarrenean etxekoek partidari buelta eman diote Calero eta Sanchezen golekin.

Espanyol 3-2 Amorebieta. Argazkia: SD Amorebieta

Amorebietak denboraldiko lehen porrota jaso du (3-2) igande honetan, Espanyolek partida irauli ostean bigarren zatian, Hypermotion Ligako laugarren jardunaldian. Haritz Mujikaren taldea markagailuan aurretik jarri da lehen zatian Erasoren eta Nuñezen golekin, baina bigarrenean etxekoek partidari buelta eman diote Calero eta Sanchezen golekin.

Espanyol - Amorebieta partidako laburpena

Espanyolen nagusitasuna argia izan da lehen minutuetan, eta arriskua sortu du hegaletik egindako erdiraketekin. Gainera, epaileak gol bat baliogabetu dio Puadori jokoz kanpo zegoelako.

Etxekoen gola heltzear zegoela zirudienean, euskal taldea aurreratu egin da. 43. minutuan, galera baten ondoren, Raycok Erasori pasatu dio eta honek baloia laztandu du 0-1ekoa jartzeko. VARak berrikusi ondoren igo da gola markagailura.

Espanyolek kolpea gainditu gabe zuela, Alvaro Nuñezek bi defentsa gainditu ditu eta jaurtiketa ederra egin du, zutoin ondora, bigarrena egiteko (0-2).

Espanyolek erreakzionatu egin du aldageletatik bueltan. Calerok sei minutu behar izan ditu Nico Melameden erdiraketa buruz errematatuta bere taldearen lehen gola sartzeko (1-2).

Markagailuan aurretik zela, Amorebietak bere arriskuak gutxitu ditu. Katalanek erraz menderatu dute erdigunea, eta norgehiagoka berdintzeko aukera bilatzen jarraitu dute.

Espanyolen saria Salvi Sanchezek jaso du 78. minutuan. Cadiztarra bigarren lerrotik heldu da partida berdintzeko (2-2).

81. minutuan, Calerok bere bigarren gola egin du, buruz, eta markagailua irauli du (3-2).

Fitxa teknikoa

3 - Espanyol: Pacheco; Omar El Hilali, Calero, Cabrera, Brian Olivan (Ramon, 21. min); Pol Lozano, Keidi Bare (Edu Exposito, 76. min), Nico Melamed (Keita Balde, 77. min); Jofre (Salvi Sanchez, 57. min), Puado (Braithwaite, 58. min) eta Pere Milla.

2 - Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez, Manu Hernando, Etxeita, Felix; Dorrio (Quintero, 86. min), Carbonell (Aviles, 86. min), Sibo, Rayco (Morci, 62. min); Eraso (Edwards, 79. min) eta Jauregi.

Golak: 0-1, 43. min: Eraso; 0-2, 49. min: Alvaro Nuñez; 1-2, 51. min: Calero; 2-2, 78. min: Salvi Sanchez; 3-2, 81. min: Calero.

Epailea: Orellana Cid. Txartel horia atera die Carbonell, Nico Melamed, Ramon eta Keita Balde jokalariei.