Negreira kasua
Negreira kasuko epaileak ustezko "ustelkeria sistemikoa" ikusi du arbitraje-estamentuan
Agentziak | EITB MEDIA
Real Madril zein lehen mailako beste talde batzuk kasu honen ondorioz kaltetuak izan direla azaldu du.
Bartzelonako Instrukzioko Lehen Epaitegiko epailearen ustez, Bartzelona Futbol Klubak Jose Maria Enriquez Negreira Arbitroen Batzorde Teknikoko (CTA) presidenteorde ohiari egindako ordainketek arbitraje-estamentuan ustezko "ustelkeria sistemikoa" eragin zuten.
Zenbait ebazpenetan azaldutakoaren arabera, 2001 eta 2018 bitartean Bartzelonaren aurka jokatu zuten taldeek kalteak izan zituzten, "ustezko iruzur sare baten eraginez". Horien artean, Real Madril dago (akusazio partikular gisa aurkeztu zen), baina baita lehen mailako beste klub batzuk ere.
"Lehen mailako beste taldeen antzera", kasuan kaltetu moduan Real Madrilen akusazio partikularra onartu ostean, bai Bartzelonak bai Josep Maria Bartomeu presidente ohiak helegitea aurkeztu zutela adierazi du epaileak autoetako batean.
"Bartzelonak Arbitroen Batzorde Teknikoko presidenteordeari ordaindu baldin badio arbitratze jakin bat diseinatzeko, lehiaketan parte hartzen duen beste edozein talde ere biktimatzat hartu beharko litzateke", gaineratu du.
Kataluniako klubak jarritako helegitean, Real Madrilen akusazioa baliogabetzeko eskatu dute, LaLigaren bidez dagoeneko parte hartzen duelako. Epaileak astearte honetan argitaratutako ebazpenean argudiatu duenez, ordea, "biktima bati ezin zaio debekatu kasu batean aurkeztea".