F Liga
Sindikatuek eta F Ligak akordiorik gabe jarraitzen dute, bigarren jardunaldian greba saihesteko
EITB MEDIA
Bi aldeak asteazkenean bilduko dira, berriro ere, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan. Jokalariei egindako azken proposamena da gutxieneko soldata 21.000 eurotik 23.000ra igotzea, hiru denboralditan.
Asteartean egindako bilera amaituta, F Ligako greba deitu duten sindikatuek eta patronalak akordiorik adostu gabe jarraitzen dute, eta, hortaz, asteburuan jokatzekoa den txapelketako bigarren jardunaldirako greba deialdiak indarrean jarraitzen du; bi aldeek beste bilera bat egingo dute asteazkenean, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan.
FUTPRO, AFE, Futbolistas ON, CCOO eta UGT sindikatuak hirugarrenez bildu dira F Ligarekin Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan, baina, negoziazio luzea izan arren, ezin izan dute egoera desblokeatu. 20:00ak aldera, alde bakoitzak bitartekariekin hitz egin ostean, bideodeia egin dute futbolariekin, proposamen bat egitea helburu.
Oraingoz, ez dago akordiorik. Sindikatuek jokalariei helarazi diete bitartekarien proposamena, eta F Ligak klubei azaldu die. Azken proposamen horren arabera, jokalarien gutxieneko soldata 21.000 eurotik 23.000ra igoko litzateke hiru denboralditan.
Bi aldeek asteazkenean egingo duten bilera 15:00etan hasiko da, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan, beste behin.