Deialdia
Espainiak Paredes, Oihane Hernandez, Sarriegi eta Lucia Garcia deitu ditu, Tomeren aurreneko zerrendan
EITB MEDIA
Espainiako selekzioaren hautatzaile berriak, karguan dagoenetik egin duen lehen deialdian, abuztuan Munduko Txapelketa irabazi zuten 23 jokalarietatik 15 hautatu ditu. Jenni Hermoso ez dago zerrendan, eta Leon eta Guijarro, ordea, bueltatu egin dira.
Montse Tome Espainiako futbol hautatzaileak, astelehenean, Irene Paredes, Oihane Hernandez, Amaiur Sarriegi eta Lucía Garcia euskal futbolariak deitu ditu, karguan dagoenetik eman duen aurreneko deialdian; izan ere, Espainiak Suediaren eta Suitzaren aurka jokatu behar du, irailaren 22an eta 26an hurrenez hurren, Nazioen Ligan. Abuztuan Munduko Txapelketa Espainiako selekzioarekin irabazi zuten 23 jokalariak kontuan izanik, 15 hautatu ditu Tomek. Jenni Hermoso ez dago zerrendan, ezta Alba Redondo ere, eta esanguratsua da hori; Mapi Leon eta Patri Guijarro, aldiz, zerrendara bueltatu dira, nahiz eta Espainiako selekzioarekin jokatzeri uko egin zioten.
Horrekin lotuta, Tomek, erabakiaren berri eman duenean, azaldu du ez duela Hermoso deitu azken hura "babestearren", kontuan izanik zarata mediatiko handia zabaldu da, Luis Rubialesek Hermosori emandako musuaren ostean: "Jennirekin gaude, denean, jokalari guztiekin. Laguntzeko modurik onena da haiengandik hurbil egotea, eta entzutea. Nire iritziz, hau da Jenniri laguntzeko modurik onena. Gogoan dugu, bost urte daramatzat harekin batera lanean, eta lankideak ere izan gara, berdegunean ere elkarren aurka jokatu baitugu", esan du.
Aurreko ostiralean zen egitekoa Tomeren aurkezpena, Espainiako hautatzaile gisa, eta egun horretan bertan zuen aurreikusita entrenatzaileak zerrenda ematea. Azkenean, baina, atzeratu egin behar izan zuten hori dena; izan ere, 39 futbolarik, tartean Munduko Txapelketa irabazi zuten 21ek, aldaketak eskatu zizkioten Espainiako Futbol Federazioari, eta eutsi egin zioten Espainiako selekzioari emandako ezezkoari. Astelehenean, baina, futbolari horietako hainbat sartu egin dira Tomeren lehen deialdian, gehienak.
Zerrenda horretan, Euskal Herriko futbolariei dagokienez, hauek daude: Irene Paredes Bartzelonako erdiko atzelaria, Oihane Hernandez Real Madrileko albokoa, Amaiur Sarriegi Realeko aurrelaria eta Lucia Garcia Manchester United taldeko aurrelaria. Paredes eta Hernandez Munduko Txapelketa irabazi zuen taldean ere izan ziren, eta Sarriegik eta Lucia Garciak, ordea, denbora luzeagoa zeramaten Espainiako selekzioak deitu gabe.