Itxi

Urrian hartuko du erretiroa

Megan Rapinoek agur esan dio AEBko selekzioari; urrian, futbol profesionala utziko du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

OL Reign taldeko futbolariak, 38 urtekoa bera, bi Munduko Txapelkera irabazi ditu bere selekzioarekin, 2015ean eta 2019an, bai eta 2012ko Olinpiar Jokoetako urrezko domina ere. Igandean jokatu du azkenengoz internazional gisa; AEBko selekzioarekin, 203 neurketa jokatu eta 63 gol sartu ditu.

Megan Rapinoe, Chicagon, zaleen txaloak jaso dituenean. Argazkia: EFE.

Megan Rapinoe futbolariak Ameriketako Estatu Batuetako selekzioarekin azken partida jokatu du igandean (Euskal Herriko goizaldean), urrian futbol profesionalari agur esan aurretik. Rapinoek, OL Reign taldeko futbolaria eta 38 urtekoa bera, bi Munduko Txapelketa irabazi ditu bere selekzioarekin, 2015ean eta 2019an, bai eta 2012ko Olinpiar Jokoetako urrezko domina ere; guztira, internazional gisa, 203 neurketa jokatu ditu, eta 63 gol sartu.

Hala, Megan Rapinoe Chicagon zelairatu da azkenengoz AEBko selekzioarekin, Hegoafrika aurkari. Etxeko taldea 2-0 gailendu da, eta futbolari mitikoa hasierako hamaikakoan irten da; 54. minutuan utzi du berdegunea, eta txalo zaparrada handia eman diote futbol zelaian zeuden 25.622 ikusleek.

"Ohore handia izan da elastiko hau janztea, jokalari ikusgarri hauekin guztiekin jokatzea, eta haurtzaroko ametsa gauzatzea, kasualitatez, munduaren aurrean", adierazi du Rapinoek, partida amaituta. Futbolariak 2006an egin zuen debuta, selekzioarekin.

Ameriketako Estatu Batuekin lortutako titulu handiez gain, Megan Rapinoek, 2019an, FIFAko The Best saria eta Urrezko Baloia jaso zituen.

Futbolariak urriaren 15ean utziko du behin betiko futbol profesionala, hau da, NWSL Liga amaitzen denean; OL Reign taldeari hiru partida gelditzen zaizkio, eta egun sailkapeneko bosgarren postuan dabil. Uztailean, Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketa jokatu baino lehen, Rapinoek iragarri zuen 2023ko denboraldia bukatuta hartuko zuela erretiroa.