Itxi

F Liga

Realak eta Eibarrek lehen hiru puntuak lortu dituzte, eta Athleticek denboraldiko bigarren porrota jaso du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Armaginak F Ligako sailkapeneko zortzigarren postuan daude, Reala hamargarrena da, eta Athletic azken-aurreko postuan dago, 15. lekuan.

Eibarko jokalariak, goletako bat ospatzen, Granadaren kontrako partidan

Bi garaipen eta porrot bat izan dituzte euskal taldeek asteburuan jokatutako F Ligako hirugarren jardunaldiko partidetan. Eibarrek eta Realak lehen garaipena lortu dute Granadaren eta Betisen aurka; Athleticek, berriz, galdu egin du Levante Las Planasen aurrean.

Eibar taldeak hiru puntuak ekarri zituen larunbatean Granadako Nuevo Los Carmenes futbol-zelaira egindako bisitatik. Carla Andresek egin zuen lehen gola, 17. minutuan. Ondoren, lehen zatia amaitu aurretik, Yerai Martinek zuzentzen duen taldeak markagailuko tartea handitzeko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu. Atsedenaren ostean, Eider Aranak egin zuen Gipuzkoako hamaikakoaren bigarrena. Norgehiagoka bukatzeko ordu erdi baino gehiago falta zela, Laura Requenak Granadaren gola egin zuen, eta tartea murriztu zuen horrela (1-2).

Jardunaldiko bigarren hitzordua igandean izan zen, Realak eta Betisek Zubietan jokatu zuten neurketarekin. Natalia Arroyo gidari dituen neskek denboraldiko lehen hiru puntuak poltsikoratu zituzten etxean. Donostiako taldearen lehen gola Nerea Eizagirre kapitainak egin zuen, 36. minutuan, Lorena Navarroren jaurtiketa aldaratu ostean baloia sarera bidalita. Handik gutxira, lehen 45 minutuak bukatu baino lehen, Elene Lete Realeko atezaina ezustean harrapatu zuen parabola jaurti zuen Julia Aguadok, eta andaluziarren lehen gola iritsi zen horrela (1-1). Bigarren zatian, Sanni Franssik erabaki zuen neurketa, 2-1ekoa eginez.

Athleticek, ordea, ez du hiru puntuak etxera ekartzeko aukerarik izan, Levante Las Planasen kontra 2-1 galdu baitzuen. Jessica Martinezek ireki zuen markagailua (1-0), korner batean buruz gola eginez. Naia Landaluze bizkaitarrak markagailua berdintzea lortu zuen (1-1), baina, bigarren zatian, Cristina Baudetek ez zuen barkatu, zuri-gorrien aurkako penaltia sare barrura bidalita (2-1).

SAILKAPENA

Armaginak zortzigarren daude F Ligako sailkapenean, eta Reala hamargarren dago, asteburu honetan lehen hiru puntuak irabazita; Athletic, ordea, azken-aurreko postuan dago, hamabosgarren, punturik gabe.

F Ligako sailkapen bi jardunaldi jokatuta

F Ligako lehen jardunaldiko partidak

Atsedenerako denborarik gabe, hiru euskal taldeek jokalarien grebagatik bertan behera geratutako lehen jardunaldiko partidak jokatuko dituzte asteazken honetan:

(18:00) Athletic - Granada CF

(19:00) Real Sociedad - Levante UD

(20:00) Eibar - Madril CFF