Itxi

Getafe

Getafeko zelaiak "Coliseum Alfonso Perez" izena izateari utziko dio jokalari ohiaren adierazpen batzuengatik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

'El Mundo' egunkariak egindako elkarrizketa batean, futbolari ohiak adierazi zuen "ezinezkoa" dela "emakumezko jokalari batek gizonezko futbolariek beste kobratzea". Udalaren esanetan, hitz horiek alde batera uzten dituzte "balio inportante batzuk: hobetzea, ahalegina eta berdintasuna, kasu".

Getafe-Vila-real partida Coliseum zelaian jokatu dute, asteburuan. Argazkia: EFE.

Madrilgo Getafe hiriko Udalak eta Getafe taldeak adostu dute asteazkenean udalerriko futbol zelaiari beste izen bat jartzea; izan ere, "Coliseum Alfonso Perez" izena izateari utzi, eta "Coliseum" izena izango du aurrerantzean. Alfonso Perez futbolari ohiak egindako adierazpen batzuek ekarri dute zelaiari izena aldatzeko erabakia: "Getafe hiriko udal futbol zelaiak, Getafe taldeari 40 urtez utzitakoak, 'Coliseum' izena izango du aurrerantzean, Alfonso Perezek egindako adierazpenengatik. Alfonso Perez jokalari ohia Getafen sortua da, eta Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoak irabazi zituen", zabaldu du Getafeko Udalak.

Alfonso Perez, besteak beste, Real Madrilen, Betisen, Bartzelonan, eta Olympique Marseillan aritu zen, eta futbolari internazionala izan zen Espainiako selekzioarekin; duela egun batzuk El Mundo egunkariak egindako elkarrizketa batean adierazi du "ezinezkoa" dela "emakumezko jokalari batek gizonezko futbolariek beste kobratzea". Adierazpen horiek, Udalaren iritziz, iradokitzen dute "futbola negozio ekonomiko hutsa" dela, eta alde batera uzten ditu "kirolean garrantzitsuak diren hainbat balio: hobetzea, ahalegina eta berdintasuna, kasu". Horrez gain, "gutxietsi egiten dituzte egungo munduko txapeldunek berdegunean eta berdegunetik kanpo erdietsi dituzten lorpen sozialak".

Udalaren eta klubaren ustez, "kirolak bultzatzen dituen balio onak babestu behar dira, hirian kirol eskolen bidez sustatzen direnak".

Udalaren esanetan, "Getafe taldearen zale gehienak iritzi berekoak dira" eta, gogoratu duenez, "garrantzitsua da gogora ekartzea Getafek, lagapenean jasotako baldintzen arabera, publizitate babesle bat ere gehitu ahal duela Coliseum izenaren ondoan, munduko gainerako klubek egiten duten moduan".