Itxi

Hypermotion Liga

Eibarrek garaipena bereganatu du Amorebietaren aurkako euskal derbian (1-2)

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Hypermotion Ligako 10. jardunaldiko derbian armaginek poltsikoratu dituzte hiru puntuak, urdinak mendean hartuta 1-2ko emaitzarekin.

Dorrio (Amorebieta) eta Rahmani (Eibar) lehian partidako jokaldi baten. Argazkia: @SDAmorebieta

Eibarrek irabazi egin dio Amorebietari 1-2ko emaitzarekin Hypermotion Ligako 10. jardunaldiko euskal derbia, igande honetan, Lezaman. Ondorioz, armaginek 18 puntu dituzte jada; urdinek, aldiz, 9rekin jarraitzen dute.

Bizi hasi da norgehiagoka, bi taldeek erasora jotzeko gogoz zelairatu baitira. Hala, 7. minutuan Amorebietak gola sartu du; Morcillok esker hegaletik eskuinekora pase luzea eman du, baloia Dorriori iritsi zaio eta honek Luca Zidane gainditu du (1-0), eskuin hankarekin egindako errematearekin.

Galtzen hasi den arren, azkar erantzun du Eibarrek; 11. minutuan, Rahmanik jarri du banakoa markagailuan (1-1), Tejeroren erdiraketa errematatuta.

Erritmo handiko lehen zatia izan da. Zoramena izan da nagusi, eta 26. minutuan Erasok gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du VAR sistema kontsultatu ostean, Edwardsek jokaldiaren hasieran egindako falta batengatik.

Ondoren, 32.minutuan, epaileak penaltia adierazi du Bizkaiko taldearen alde Sergio Alvarezek area barruan baloia eskuarekin jo duelako. Morcillok egin du jaurtiketa 11 metroetatik eta Luca Zidane atezainak desbideratu du zornotzarraren jaurtiketa.

Bost minutu geroago, 35.ean, arbitroak penaltia adierazi du Eibarren mesedetan Lasurek area barruan egindako falta baten ondorioz. Stoichkovek hartu du jaurtitzeko ardura, eta Campos atezainak gelditu egin du.

Lehen zatiaren amaieran abagune argia izan dute armaginek, baina Campos atezainak saihestu du gola, Corpasen errematea desbideratuta.

Bigarren zatian neurketaren erritmoa moteldu egin da. Bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko aukera argirik sortu lehen 25 minutuetan. Atsedenaldiaren osteko estreinakoa etxeko taldeak izan du Luca Zidanek desbideratutako Dorrioren jaurtiketarekin. Eibarrek ere izan du berea, 80. minutuan; Rahmaniren errematea, ordea, kanpora joan da gutxigatik.

Bazirudien neurketa berdinduta amaituko zela, baina 92. minutuan Bautistak jokaldi bikaina egin du, pasea eman dio Aketxeri, eta honek 1-2koa sartu du area barrutik egindako jaurtiketarekin Campos gaindituta.

Luzapenean kolpe latza hartu duen arren, Amorebietak ez du etsi eta azkeneraino borrokan jarraitu du. Gainera, Bizkaiko aldea berdintzetik gertu egon da, bi abagune argi izan baititu azken minutuan: Lasureren errematea kanpora joan da aurkari batengan jo ostean eta korner baten armaginek atepetik atera behar izan dute baloia.

Hala, bada, azkenean armaginek lortu dituzte hiru puntuak, derbia 1-2ko emaitzarekin irabazita.

Fitxa teknikoa:

1 - Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez (Carbonell, 86. min), Manu Hernando, Gaya, Lasure; Dorrio, Eraso (Aviles, 69. min), Morán (Sibo, 52. min), Morcillo (Rayco, 69. min); Edwards eta Da Graca (Jauregi, 69. min).

2 - Eibar: Luca Zidane; Tejero, Venancio, Arbilla, Rios Reina; Sergio Alvarez, Matheus; Corpas, Stoichkov (Mario Soriano, 75. min), Rahmani (Aketxe, 89. min); eta Quique Gonzalez (Jon Bautista, 58. min).

Golak: 1-0, 7. min: Dorrio. 1-1. 11. min: Rahmani. 1-2, 92. min: Aketxe.

Epailea: Raúl Martín González Francés (Comité de Las Palmas). Mostró tarjetas amarilla a Eraso (m.6), Edwards (m.48+), Álvaro Núñez (m.49+), del Amorebieta, y a Stoichkov (m.64), del Eibar.