Itxi

5. jardunaldia

Realak Eibarri irabazi dio, eta Athleticek galdu egin du Vila-realen kontra, F Ligan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak 3-1 hartu zuen mendean Eibar, larunbatean Zubietan jokatutako derbian, Nerea Eizagirreren, Jensenen eta Mirariren golei esker; Eibarren gola, berriz, Nati Canok egin zuen. Athleticek, bestalde, ezin izan zuen punturik ekarri Vila-realetik, 3-0 galduta.

Reala-Eibar derbiko irudia. Argazkia: @realsociedadfem

Realak 3-1 irabazi zion Eibarri, joan den larunbatean Zubietan jokatutako derbian. Partida oso bizi hasi zen, eta talde txuri-urdinak ireki zuen markagailua 4. minutuan, Nerea Eizagirrek Andreia Jacintoren pase luze bat sareetara bidali ostean. Natalia Arroyok gidatzen duen taldeak erasoan jarraitu zuen, eta honela iritsi ziren ondorengo bi golak: Jensenek sartu zuen bigarrena 16. minutuan, eta, handik bi minutura, Mirarik egin zuen hirugarrena, Bernaberen erdiraketa ona aprobetxatuta. 

Bigarren zatian, armaginak erasora irten ziren, eta behin eta berriz ahalegindu ziren neurketari buelta ematen, baina Lete Realako atezaina fin ibili zen. Dena den, Yerai Martinen taldeak ez zuenez amore eman, azkenean iritsi zen merezitako gola 83. minutuan. Nati Cano izan zen golegilea.

Athleticek, bestalde, ezin izan zion azken bi partidetako bolada onari eutsi, 3-0 galdu baitzuen Vila-Realen aurka. David Aznarren taldeak ezin izan zion hirugarren minutuan jasotako golak eragindako dinamikari aurre egin. Clara Pinedok eta Nahikari Garciak aukerak izan zituzten arren, ez zuten asmatu. Larak, Llompartek eta McKennak egin zituzten Vila-realen golak.

Sailkapena

Eibarren aurkako garaipenaren hiru puntuak gehituta, Realak sailkapeneko arriskugunetik irtetea lortu du. Hala, zazpi punturekin, zortzigarren dago; Athletic hamargarren dago, sei punturekin; eta Eibar hamalaugarren postuan dago, bost partida jokatu ostean, hiru puntu soilik poltsikoratu dituelako.


F Ligako sailkapena

6. jardunaldia

Asteburu honetan, denboraldiko bigarren euskal derbia jokatuko dute Athleticek eta Realak, Lezaman. Hitzordua igandean izango da, 12:00etatik aurrera, eta neurketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en. Halaber, Eibarrek Vila-real hartuko du etxean, F Ligako seigarren jardunaldian.

Albisteak (1)

Bideoak (2)