Hypermotion Liga
Amorebietak galdu egin du Eldenseren aurka (2-0), eta bolada txarra luzatu du
EITB Media
Zornotzako taldeak 2-0eko emaitzarekin galdu du Valentziako taldearen kontra jokatutako Hypermotion Ligako 13. jardunaldiko partida. Hala, Amorebietak zazpi neurketa jarraian daramatza garaipenik lortu gabe.
Amorebietak galdu egin du Eldenseren aurka (2-0), larunbat honetan, urriak 28, Hypermotion Ligako 13. jardunaldiko partida. Ondorioz, Zornotzako taldeak zazpi partida daramatza jarraian irabazi gabe, eta jaitsiera postuetan jarraitzen du, 10 puntu dituela.
Norgehiagokako lehen abagunea Amorebietak izan du, bigarren minutuan, baina Raycoren errematea Zubiarre atezainak gelditu du. Hamabi minutu geroago, aldiz, Eldensek gola sartu du, Bizkaiko taldeak babestutako atearen aurrean izan duen lehen aukeran; Juanto Ortuñok sartu du gola (1-0), area barruan errematea egin eta Pablo Cuñat atezaina gaindituta.
Neurketako lehen golaren ostean, parekotasuna izan da nagusi, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik eduki, eta lehia etxekoen aldeko 1-0eko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, 52. minutuan, Amorebieta markagailua parekatzeko zorian izan da, baina Javier Avilesen jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Gero, ekinean jarraitu dute Haritz Mujikak zuzendutako mutilek; hala ere, Felix Garretak eta Manu Herrandok ez dute lortu aurkariaren atea zulatzea.
Lehen zatian baino hobeto ibili da Amorebieta bigarrenean, eta Zornotzako taldea ondoen zebilenean, Sibok eskuarekin jo du baloia area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du Eldenseren alde, VAR sistema kontsultatu ostean. Hala, Juanto Ortuñok 2-0ekoa jarri du markagailuan, penaltiz Cuñat gaindituta.
Eldenseren bigarren golak lur jota utzi du Amorebieta. Gainera, etxeko taldeak kontrolpean izan du partida azken txanpan, eta hiru puntuak poltsikoratu ditu.
Fitxa teknikoa:
2 – Eldense: Zubiaurre, Toni Abad, Darío Dumic, Carlos Hernandez (Alex Bernal, 86. min), Marc Mateu, David Timor, Sergio Ortuño (Miguel Mari, 80. min), Iván Chapela (Poloni, 62. min), Juanto Ortuño, Mario Soberon (Cris Montes, 62. min) eta Salcedo (Arnau Ortiz, 62. min).
0 – Amorebieta: Pablo Cuñat, Alvaro Nuñez, Felix, Manu, Lasure, Sibo, Dorrio (Javi Eraso, 80. min), Erik Moran (Ryan Edwards, 71. min), Rayco (Morcillo, 71. min), Javi Aviles (Quintero, 80.min) eta Da Graca.
Golak: 1-0, 13. min: Juanto Ortuño. 2-0, 70. min: Juanto Ortuño, penaltiz.
Epailea: Trujillo Suarez. Txartel horia atera die Dumic (Eldense), Felix (Amorebieta) eta Erik Moran (Amorebieta) jokalariei.