Itxi

Errege Kopa

Egues eta Tudelano Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu dira; Gernika eta Barakaldo, kanporatuta

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eguesek Teruel menderatu du, 1-0, luzapenean, eta Tudelanok, 1-0 irabazita eta luzapenean ere, Recreativo Huelva utzi du txapelketatik kanpo; Gernikak Unionistasen aurka galdu du, 0-2, eta Barakaldo Malagak hartu du mendean, penaltietan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Egues eta Tudelano 2023-24 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu dira asteazkenean, eta Gernika eta Barakaldo, aldiz, txapelketatik at gelditu dira lehenengo kanporaketan. Hain zuzen ere, Eguesek Teruel menderatu du, 1-0, luzapenean, eta Tudelanok, 1-0 irabazita eta luzapenean ere, Recreativo Huelva utzi du kanpo; Gernikak Unionistasen aurka galdu du, 0-2, eta Barakaldo Malagak hartu du mendean, penaltietan, partida 0-0 amaituta. Hortaz, Egues eta Tudelano, biak ala biak Bigarren RFEFeko taldeak Ligako Txapelketan, datorren asteartean, hilaren 7an, Madrilen egingo duten zozketan izango dira.

Egues 1-0 Teruel

Hala, Euskal Herriko sei taldek zuten Kopako partida asteazkenean, eta Egues izan da zelairatu den aurrenekoa, Valle de Aranguren zelaian; Nafarroako taldeak garaipen bikaina lortu du, 1-0eko emaitzaz, Lehen RFEF mailan dagoen Teruelen aurka (Egues Bigarren RFEFen dabil). Kanporaketak Kopako partidetako emozio osoa izan du, eta luzapenean erabaki da, 90 minutuetan ez baita golik izan eta markagailua 0-0ekoa izan baita. Miguel Diazek egin du gola, penaltiz, 110. minutuan, eta Eguesek aurrera egin du.

Izan atezainak geldiketa bikainak egin ditu, eta hori gakoa izan da; iruindarra oso fin aritu da Teruelek izandako aukera guztietan. Aragoiko taldeak indartsu ekin dio partidari, baina Eguesek eutsi egin dio, eta, luzapenean, saria eskuratu du.

Tudelano 1-0 Recreativo Huelva

Sarrigurenen bizitako poza Ciudad de Tudela futbol zelaian ere izan dute, gerora. Bertan, Tudelanok Recreativo Huelva menderatu du, 1-0, luzapenean ere. Gola 105. minutuan iritsi da, eta Ivan Martinezek lortu du.

Giro bikaina izan da Tuterako estadioan. Recreativo Huelva Espainiako futboleko talderik zaharrena da, eta Lehen RFEFen dabil, alegia, Tudelano baino maila bat gorago, baina ezin izan du Nafarroako taldea garaitu. Biek ala biek bizitasun handia eman diote jokoari; horrela jokatu behar da Kopa, eta Tudelanok, txapelketan jarraitzen duenez, datorren astean jakingo du noren aurka arituko den bigarren kanporaketan.

Gernika 0-2 Unionistas

Urbietan, Gernikak ahalegin handia egin du, baina ez du sailkatzerik izan; Lehen RFEF mailan dabilen Unionistasek Bizkaiko taldea kanporatu du. Etxeko taldea sendo aritu da aurreneko zatian, eta markagailua, atsedenaldian, 0-0ekoa zen, baina bigarren zatian, ordea, Salamancako taldeak bi gol ia jarraian sartu ditu, 70. eta 73. minutuetan. Losadak eta Alfredek sartu dituzte bi gol horiek.

Gernikak ezin izan du erantzunik eman, eta partida, horrenbestez, bisitariek irabazi dute, 0-2, bigarren kanporaketarako sailkatzea bereganatuta.

Barakaldo 0-0 Malaga (2-4, penaltietan)

Lasesarren ere ez da zorterik izan, kasu horretan Barakaldorentzat; Ezkerraldeko taldea Malagak utzi du Kopatik kanpo, eta porrota latza izan da, penaltietan gauzatu baita. Barakaldo bolada ikusgarrian murgilduta dabil, ez baitu partidarik galdu Ligan jokatu dituen azken 46etan, eta orain, Kopako lehenengo kanporaketan, norgehiagoka ona egin du. Malagak ondo mugitu du baloia, baina etxeko taldeak joko azkar eta sendoa erakutsi du, eta hainbat jokalditan izan du hurbil gola.

Bereziki nabarmentzekoa da Barakaldok gutxigatik ez duela sartu 1-0ekoa luzapenaren lehenengo minutuetan. Malagak, baina, eutsi egin dio estutasun une horri, eta penaltietan, ordea, Ezkerraldeko taldea baino hobeto ibili da. Bisitariak 4-2 gailendu dira penalti jaurtiketetan.

Albisteak (2)

Bideoak (2)