F Liga (7. jardunaldia)
Garaipena Realarentzat, eta porrota Athleticentzat eta Eibarrentzat, zazpigarren jardunaldian
L.U. | EITB Media
Realak garaipena lortu du Vila-realen aurka (1-0); Bizkaiko taldeak, berriz, punturik lortu gabe jarraitzen du Lezamatik urrun, 1-0 galdu baitu Betisen aurka; eta talde armaginak Real Madrili hortzak erakutsi dizkio, baina O-1 galdu du.
Realak garaipena lortu du Zubietan, F Ligako 7. jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak hiru puntu bereganatu ditu Vila-reali etxean irabazita, Alejandra Bernabek azken txanpan egindako gol bakarrari esker. Garaipen horrekin, taldea sailkapeneko seigarren postura igo da, momentuz.
Neurketaren aurretik, Garbiñe Etxeberria Realeko emakumezkoen futbolaren zuzendariak kamiseta bat eman dio Nerea Eizagirreri bere 200 partidak oroitzeko.
Athleticek, berriz, Betisen aurka jokatu du, etxetik kanpo lehen garaipena lortzeko eta urriaren 22ko derbian Realaren aurka lortutako garaipenaren sentsazio onei eusteko asmoz. David Aznarren taldeak, baina, 1 eta 0 galdu du Betisen aurka, eta etxetik kanpo garaipenik lortu gabe jarraitzen du.
Partida xehetasun txikiengatik erabaki da, eta ez da aukera handirik izan. Defentsak izan dira une oro protagonista nagusiak. Betisen gola kontraeraso arin batean iritsi da, eta Gemak area kanpotik egindako jaurtiketa batekin amaitu du, 62. minutuan, Quiñones atezaina ezustean harrapatuta.
Bestalde, Eibarrek Real Madrili hortzak erakutsi dizkio, baina 0 eta 1 galdu du. Partidako gol bakarra Brum danimarkarrak egin du, 73. minutuan, Olga Carmonak hegaletik egindako jokaldi bat bikain amaituta. Armaginak hainbestean aritu dira, eta aukerak izan dituzte gola egiteko, baina ez dute asmatu. Horrela, bada, 4 punturekin, sailkapeneko 14. postuan dago.