EURO 2024
Remiro, berritasun nagusia Espainiako selekzioaren deialdian; I. Martinez De la Fuenteren zerrendara itzuli da
EITB Media
Luis de la Fuente hautatzaileak Espainiak azaroaren 16 eta 19an jokatuko dituen partidetarako deialdia eman du. Realeko atezainaz eta Barçako jokalariaz gain, euskal futbolari hauek ere deitu ditu: Simon, David Garcia, Zubimendi, Merino, Sancet, Oyarzabal eta Nico Williams.
Luis de la Fuente Espainiako selekzioko hautatzaileak deialdia eskaini du ostiral honetan, azaroak 10, azaroaren 16an eta 19an Espainiak jokatuko dituen norgehiagoketarako.
Alex Remiro Realeko atezaina da hautatzailearen zerrendako berritasun nagusia. Hala, Remiro lehenengoz sartu da maila goreneko Espainiako selekzioaren deialdian. Kepa Arrizabalagaren (Real Madril) lesioak ireki dizkio ateak Cascantekoari.
Horrez gain, Iñigo Martinez ere itzuli da Espainiako selekzioaren deialdira. Ondarroako erdiko defentsa Bartzelonarekin jokatzen hasi da eta maila ona eman du azken neurketetan, eta De la Fuentek deitu egin du.
Guztira, bederatzi euskal jokalari daude Espainiaren deialdian: Unai Simon, Alex Remiro, David García, Iñigo Martinez, Martin Zubimendi, Mikel Merino, Oihan Sancet, Mikel Oyarzabal eta Nico Williams.
Bestalde, Rodrigo Riquelme, Aleix Garcia eta Grimaldo ere daude berritasunen artean. Robin Le Normand (Reala) ere badago zerrendan; ez, ordea, Aymeric Laporte (Al-Nassr).
Espainiako selekzioa sailkatuta dago 2024ko Alemaniako Eurokoparako, baina multzoburu izatea izango du jokoan. Azaroaren 16an, Zipreren aurka lehiatuko dira, 18:00etan; hilaren 19an, aldiz, Georgia izango du aurkari, Valladoliden, 20:45ean.
Espainiako selekzioaren deialdia:
ATEZAINAK: Unai Simon (Athletic Club), David Raya (Arsenal) eta Alex Remiro (Reala).
DEFENTSAK: Dani Carvajal (Real Madril), Jesus Navas (Sevilla), Iñigo Martinez (Bartzelona), Robin Le Normand (Reala), Pau Torres (Aston Villa), David Garcia (Osasuna), Jose Luis Gaya (Valentzia) eta Alejandro Grimaldo (Bayer Leverkusen).
ERDILARIAK: Rodrigo Hernandez (Manchester City), Gavi (Bartzelona), Martin Zubimendi (Reala), Mikel Merino (Reala), Fabian Ruiz (PSG), Oihan Sancet (Athletic Club), Aleix Garcia (Girona) eta Rodrigo Riquelme (Atletico Madril).
AURRELARIAK: Alvaro Morata (Atletico Madril), Joselu Mato (Real Madril), Ferran Torres (Bartzelona), Nico Williams (Athletic Club), Lamine Yamal (Bartzelona) eta Mikel Oyarzabal (Reala).