Itxi

Hypermotion Liga

Amorebietak galdu egin du Elxen aurka (2-0), aukera argiak barkatuta

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bizkaiko taldea Alacantekoa baino gehiago izan da, baina 2 eta 0 galdu du Mario Gasparrek eta Morentek egindako golen ondorioz.

Elx-Amorebieta. Argazkia: @SDAmorebieta.

Amorebietak 2 eta 0 galdu du Elx taldearen aurka Martinez Valero zelaian Hypermotion Ligako 17. jardunaldiko partidan. Mario Gasparrek eta Morentek egin dituzte Alacanteko taldearen bi golak, bigarren zatiaren amaieran.

Haritz Mujikaren taldeak lehen zati ona egin du. Urdinak ondo kokatu dira zelaian, eta sarri iritsi dira Elx taldearen atearen inguruetara. Morcillok izan du bisitarien aukera argiena, baina jaurtiketa gora joan zaio, arean bakar-bakarrik zegoen arren.

Elxen erantzuna 27. minutuan iritsi da, Mouradek izandako aukerarekin, baina aurrelariaren jaurtiketa gora joan da. Horrela, bi taldeak hutsean iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatian, etxeko taldeak zerbait estutu ditu Amorebietako jokalariak, baina bisitariek ondo eutsi diote. Mouradek beste aukera bat eduki du gola egiteko, eta beste jokaldi batean, Oscar Planok baloia atean sartu du, baina epaileak gola baliorik gabe utzi du, jokaldia VARak aztertu ostean.

Ondoren, Javi Avilesek, Dorriok eta Morcillok aukera oso argiak izan dituzte Amorebieta aurretik jartzeko, baina ez dute asmatu. Golak Elxek egin ditu, eta garaipena lortu du horrela. Mario Gasparrek egin du lehenengo gola, 84. minutuan, lehen zutoinetik buruz errematatuta.

Quintero banakoa lortzear izan da, eta, minutu gutxi batzuk geroago, Morentek 2 eta 0ekoa egin du. Gol ederra egiteaz gain, Elxeko zaleei lasaitasuna eman die.

Azkenean, hiru puntuak Alacanteko taldeak poltsikoratu ditu. Bizkaiko taldea, aldiz, esku-hutsik itzuliko da Zornotzara.

Fitxa teknikoa

2 - Elx: San Roman, Josan, Mario Gaspar, Bigas, Clerc, Tete Morente, Febas (Cristian Salvador, 86. min), Nico Castro (Fidel Chaves, 65. min), Nico Fernandez (Adam, 86. min), Oscar Plano (Sergio Leon, 85. min) eta Mourad (Borja Garces, 60. min).

0 - Amorebieta: Campos, Jorge Mier (Eraso, 87. min), Manu Hernando, Gaya, Felix, Dorrio (Rayco, 87. min), Carbonell, Erik Moran (Quintero, 82. min), Lasure, Aviles (Juauregi, 76. min) eta Morci (Edwards, 82. min).

Golak: 1-0, 83. min: Mario Gaspar. 2-0, 92. min: Tete Morente.

Epailea: Arcediano Monescillo (Gaztela-Mantxako Batzordekoa). Txartel horia atera die Manu Hernando eta Gaya Amorebietako jokalariei eta Nico Fernandez eta Fidel Chaves Elxekoei.