Errege Kopa 1/16
Athletic final-zortzirenetan sartu da, Eibar 0 eta 3 mendean hartuta
Agentziak | EITB MEDIA
Villalibre, bi aldiz, eta Muniainizna dira partidako golegileak. Eibar saiatu da, baina zuri-gorriak gehiago izan dira zelaian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek Errege Kopako final-zortzirenak jokatuko ditu, Eibarren aurkako partida 0 eta 3 irabazita. Valverderen hamaikakoan ohikoak ez diren jokalari bik egin dituzte golak: Asier Villalibrek eta Iker Muniainek. Atezain modura Julen Agirrezabala aritu da.
Gernikako bufaloak lehenengo eta hirugarren golak sartu ditu, aurrelari peto-petoek sartu ohi dituzten golak eginda. Lehenengoan zuhurtzia erakutsi du, eta bigarrenean, berriz, zortea alde izan du. Muniainen kasuan, nafarrak bere gol onenetariko bat sartu du, zenbait aurkari atzean utziz eta ezkerkada ederra jaurtita.
Gaurkoa, bilbotarrek jarraian lortzen duten laugarren garaipena da, bigarrena etxetik kanpo, eta dagoeneko Valverderen taldeak 12 neurketa daramatza porrotik jaso gabe: bederatzi garaipenak dira; hiru, Kopan.
Athleticek jokoaren kontrola izan du lehen minutuetatik, sasoi bikainean daudela aprobetxatuta. Hala ere, lehen aukera argia armaginek izan dute, Julen Bautista bilbotarren atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratu denean, baina Agirrezabalak bikain atera du eskua baloia desbideratzeko.
Lehoiek, baina, ez dute barkatu. Yoelen ate inguruan arriskua sortu duten bakoitzean, gola egin dute. Lehenengoan, Nico Williamsek hegaletik erdiratu du Vivianek hasitako jokaldia, eta Villalibrek 1 eta 0ekoa egin du area txikitik errematatuta.
Eibarrek aurrera pausoa eman du, baina horrek ez du bizkaitarren bigarren gola saihestu. Nico Williamsen erdiraketa ikusgarri errematatu du nafarrak partidako lehen ordu erdia betetzear izan denean.
Eibarrek ez du errekuperatzeko aukerarik izan eta bilbotarrek hirugarrena egin dute. Kasu honetan, Villalibrek zortea alde izan du, bere jaurtiketak Simic jo eta Yoel atezaina lekutik kanpo harrapatu duelako.
Bigarren zatia partida erabakita zegoela hasi dute bi taldeek. Hala ere, Joseba Etxeberriaren taldea markagailuko aldea murrizteko asmoarekin zelairatu da. Stoichkovek aukerak izan ditu gola egiteko, baina markagailua ez da mugitu.
Azkenean, 0 eta 3 Athleticentzat. Zuri-gorriak final-zortzirenetan dira.
Fitxa teknikoa
0 - Eibar: Yoel; Tejero, Simic (Arbilla, 65. min), Berrocal, Rios Reina (Stoichkov, 57. min); Matheus, Jorge Yriarte; Corpas, Aketxe (Rahmani, 78. min), Konrad (Soriano, 57. min); eta Jon Bautista (Quique, 78. min).
3 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian (Nolaskoain, 85. min), Yeray, Yuri; Herrera (Unai Gómez, 63. min), Vesga; Nico Williams (Adu Ares, 81. min) , Sancet (Galarreta, 63. min), Muniain; eta Villalibre (Raul Garcia, 78. min).
Golak: 0-1, 17. min: Villalibre. 0-2, 34. min: Muniain. 0-3, 40. min: Villalibre.
Epailea: Alejandro Jose Hernández Hernández (Las Palmas). Eibarreko Berrocal (59. min), eta Athleticeko Vivian (4. min) eta Sancet (59. min) zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakariak: Errege Kopako final hamaiserenetako kanporaketa, partida bakarrean. Ipuruan jokatu dute, eta zelaia ia beteta izan da: 8.000 bat zale izan dira.