Itxi

Larunbatean, 18:30ean

Athletic eta Reala, prest San Mameseko euskal derbirako

EITB Media

Leer en Castellano

Bi taldeak Europarako postuetan iritsiko dira urtarrilaren 13ko neurketara. Zuri-gorriak sailkapeneko laugarren postuan daude; txuri-urdinak, aldiz, seigarrenean. Partida 18:30ean hasiko da.

Ander Herrera (Athletic) eta Mikel Merino (Reala), lehen itzuliko derbian. Argazkia: EFE

Athleticek eta Realak EA Sports Ligako euskal derbia jokatuko dute larunbatean, urtarrilaren 13an, San Mamesen. Hala, biek ala biek txapelketako bigarren itzuliari (20. jardunaldia) ekingo diote.

Zuri-gorriak zein txuri-urdinak Europarako postuetan iritsiko dira derbira. Athletic laugarren da sailkapenean, Txapeldun Ligarako postuetan, 38 punturekin; Reala, aldiz, seigarren, 32rekin.

Athletic sasoiko helduko da derbira. Ligan bederatzi jardunaldi daramatza galdu gabe, eta azken hiru neurketak irabazi egin ditu. Horrez gain, taldea Errege Kopako final-zortzirenetara sailkatu da, Rubi (1-2) eta Eibar (0-3) kanporatuta.

Reala ere ondo iritsiko da San Mameseko partidara. Donostiako taldeak ez du porrotik jaso Ligako azken zazpi jardunaldietan, nahiz eta horietatik lau berdindu egin dituen. Gainera, Realak multzoen fase dotorea egin zuen Txapeldunen Ligan, D multzoko liderra dela, neurketarik galdu gabe, eta final-zortzirenetarako  txartela lortuta; PSG izango du aurkari. Errege Kopan ere, final-zortzirenetan dago, Andratx (0-1) eta Buñol (0-1) gainditu ostean.

Hori guztia kontuan hartuta, euskal derbi zirraragarria espero da, bi taldeek baja garrantzitsuak izango dituzten arren. Athleticek Iñaki Williams galdu du derbirako, Ghanako selekzioak deitu baitu Afrika Kopa jokatzeko, eta Dani Garcia ere ez da jokatzeko prest egongo, min hartuta baitago. Bestalde, Yeray deialdian sartuko da, eta Nico Williamsek hasieratik jokatuko du, aste hasieran arazo fisikoak izan baditu ere.

Realari dagokionez, Imanol Alguacilek Sadiq Umar, Hamari Traore eta Take Kubo jokalarien bajak izango ditu. Sadiq Nigeriako selekzioarekin dago, Afrika Kopa jokatzeko, eta Traore, Malikoarekin. Kubo, aldiz, Japoniako selekzioarekin dago, Asiako Kopa jokatzeko. Gainera, Alex Remirok bere talde ohiaren kontrako lehia galduko du, partida bateko zigorra bete behar duelako Alavesen kontrako derbian txartel gorria ikusi zuelako.

Albisteak (2)