Itxi

Errege Kopa

Jarraitu zuzenean Errege Kopako finalerdietako zozketa, eitb.eus-en, 13:00etatik aurrera

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskal derbia izan liteke finalaurrekoan. Bi partidako kanporaketa izango da; joanekoa otsailaren 6an, 7an edo 8an jokatuko dute, eta itzulikoa, aldiz, hilaren 27an, 28an edo 29an. Mallorca eta Atletico Madril dira sailkatuta dauden beste bi taldeak.

Muniain (Athletic) eta Zubimendi (Reala), Reale Arenan, irailaren 30eko derbian. Argazkia: EFE.

Realak eta Athleticek gaur jakingo dute zein aurkari gainditu beharko duten Errege Kopako finalerdietan; izan ere, 13:00etan hasiko da, Madrilen, txanda horretako kanporaketak zeintzuk izango diren zehaztuko dituen zozketa, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Jakin badakigu bi partidako kanporaketa izango dela, eta joanekoa otsailaren 6an, 7an edo 8an jokatuko dutela, eta itzulikoa, aldiz, hilaren 27rako, 28rako edo 29rako dagoela aurreikusita. Mallorca eta Atletico Madril dira sailkatuta dauden beste bi taldeak, eta euskal derbia izan liteke finalaurrekoan.

Testuinguru horretan, biak ala biak ilusio eta ikusmin handiz daude zain, ea zozketak zer ebatzi behar duen. Ez da aurretiko inolako baldintzatzailerik, eta jakingo dugu zeinen aurka jokatzen duen talde bakoitzak eta, halaber, zein zelaitan jokatuko dituzten joaneko partidak eta itzulikoak. Kopan 2021-22 denboralditik jazo denez, aurkariaren zelaian sartutako golek eta etxean lortutakoek balio bera dute.

Realak eta Athleticek, orain arte, bosna talde kanporatu dituzte txapelketan. Imanolen gizonek, kanporaketa guztietan bisitari gisa, hauek utzi dituzte at: Buñol, lehenengo kanporaketan (0-1), Andratx, bigarren kanporaketan (0-1), Malaga, final hamaseirenetan (0-1), Osasuna, final zortzirenetan (0-2), eta Celta, final laurdenetan (1-2). Mikel Oyarzabal bi gol sartu ditu, taldeko beste edonork baino gehiago, ibilbide horretan.

Athletici dagokionez, Rubi izan zuen aurkari lehenengo kanporaketan, eta Ernesto Valverderen futbolariek 1-2 menderatu zuten hori. Gerora, hauek hartu ditu mendean Bilboko taldeak: Cayon, bigarren kanporaketan (0-3), Eibar, final hamaseirenetan (0-3), Alaves, final zortzirenetan (2-0, San Mamesen), eta Bartzelona, final laurdenetan (4-2, Bilbon hori ere). Asier Villalibrek, sei gol sartuta, zuri-gorrien golegile nagusiena da, Kopa honetan.

Jakingo dugu, hortaz, Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko duten, ala, aldiz, Mallorca edo Atletico Madril izango duten aurrean. Nabarmentzeko modukoa da 2019-20 Kopan ere, duela lau urte, bi euskal taldeak txanda horretan zeudela, Mirandesekin eta Granadarekin batera; zozketak zehaztu zuen Realak Mirandesekin jokatzea finalerako sailkatzea, eta Athleticek Granadarekin. Hortaz, ez zen derbirik izan finalerdian, baina bai finalean, biek ala biek aurrera egin baitzuten; Realak irabazi zuen titulua, finalean garaituta.

2020ko hura alde batera utzita, Reala eta Athletic 1987an ere izan ziren finalerdietako zozketan, 1986-87 denboraldiko Kopan, eta orduan nor baino nor gehiago aritu ziren. Reala sailkatu zen finalerako, Atotxan 0-0 egin baitzuten, joanekoan, eta San Mamesen 0-1 irabazi baitzuen Realak; gerora, John Toshackek entrenatzen zuen taldeak titulua bereganatu zuen, finalean Atletico Madril mendean hartuta.

Azkenik, iaz ere, 2022-23 denboraldiko Kopan, Euskal Herriko bi talde izan ziren finalaurrekoan, Osasuna eta Athletic, eta elkarren aurka jokatu zuten finalerako txartelaren bila; Iruñeko 1-0ekoak eta Bilboko 1-1ekoak Osasunari eman dion sailkatzea.

Albisteak (6)

Bideoak (1)