Itxi

Titular nagusiak

Albiste izango dira: Kopako finalerdia, Mallorca – Reala; nekazarien protestak, eta akordioa itunpekoetan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.

Reala, garaipen bat ospatzen. Argazkia: EFE

Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko otsailak 6, hedabideetako lerroburu nagusiak:

- Kopako finalerdia, Mallorca – Reala: Aurten ere, Errege Kopako finalerdien eta finalaren emozio guztia zuzenean bizitzeko aukera eskainiko du EITBk, euskaraz. Hala, gaur bertan, 21:00etatik aurrera, Mallorca-Real Sociedad partida izango dugu ikusgai ETB1en, eta etzi Atletico Madril-Athletic Club lehia, azken hori 21:30etik hasita. Hiru aste geroago, etxean jokatuko dute bi euskal taldeek, eta bi norgehiagoka horiek ere ETB1en eskainiko dira, baita apirilaren 6an Sevillan jokatuko duten final handia ere.

- Nekazarien protestak: Orain astebete Ipar Euskal Herriko baserritarrek egin zuten bezala, Hegoaldekoak gaurtik aurrera batuko dira Europan hasitako protesta oldera. Traktoreak aterako dituzte herriguneetara, nekazaritza sektorearen egoera "jasanezina" dela salatzeko. Hala nola, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzea exijitzen dute: ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira eskari nagusiak.

- Akordioa itunpekoetan: ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak Kristau Eskola eta AICE-IZEA (Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa) patronalekin bildu ziren atzo, eta akordioa itxi zuten. Ondorioz, otsailaren 6, 7 eta 8rako deitutako lanuzteak bertan behera geratu dira, baita 19 eta 20rako deitutakoak ere. Gaur goizean bilduko dira ordezkariak adostutako akordioa berresteko.