Itxi

Euskal derbia

Reala eta Osasuna, derbirako prest

EITB Media

Leer en Castellano

Txuri-urdinak eta gorritxoak nor baino nor gehiago ariko dira, otsailaren 10ean, Anoetan, EA Sports Ligako 24. jardunaldiko partidan.

Ligako lehen itzuliko Osasuna-Reala derbiko irudia. Argazkia: EFE

Realak eta Osasunak euskal derbia jokatuko dute, larunbatean, otsailaren 10ean, Anoetan. Txuri-urinen eta gorritxoen arteko norgehiagoka 16:15ean hasiko da.

Donostiako taldeak lau partida jarraian daramatza porrotik jaso gabe Ligan; azken biak, baina, berdindu egin ditu, 0-0. Gainera, aste honetan, otsailaren 6an, 0-0 berdindu zuen Mallorcaren aurka Errege Kopako finalerdietako joaneko partida.

Kopan, final-zortzirenetan, txuri-urdinek gorritxoak kanporatu zituzten, Sadarren 0-2 irabazita, eta garaipena lortu nahi dute, Ligan, Anoetan, Osasuna berriz mendean hartuta.

Mikel Oyarzabal, Sheraldo Becker eta Aritz Elustondo ez omen dira Osasunaren aurka jokatzeko prest egongo, eta ikusi egin beharko da hilaren 14an PSGren kontrako Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko neurketarako.

Bestalde, Osasuna bolada txarrean helduko da Anoetara, Ligako azken bi partidak galduta; 1-0 galdu zuen Bartzelonaren aurka eta 0-3 Celtaren kontra. Hala, bada, gorritxoek bolada txarra eten nahi dute, Realari irabazita.

Osasunak 1-1 berdindu zuen Realaren aurka Ligako lehen itzuliko neurketan, Sadarren, baina Kopan kanporatuta geratu zen txuri-urdinen kontra 0-2 galduta. Beraz, gorritxoak ez dira gai izan denboraldi honetan Realari irabazteko, eta horri buelta eman nahi diote.

Arnaizek min hartu zuen Osasunak asteazkenean egindako entrenamenduan, eta ezingo du Anoetako euskal derbia jokatu.

 

Albisteak (3)