HYPERMOTION LIGA
Amorebietak golik gabeko berdinketa lortu du Huescan (0-0)
GAIZKA PALACIOS | EITB Media
Lehen zatian, Amorebietak oso lan ona egin du defentsan, eta bigarrenean, zenbait aukera izan ditu gola sartzeko. Campos atezaina ere erabakigarria izan da, eta Huescak aurrea hartzea saihestu du hainbat aldiz.
SD Amorebietak golik gabeko berdinketa lortu du Huescaren aurka El Alcoraz estadioan jokatutako partidan, Hypermotin Ligako 27. Jardunaldian. Jandro Castroren mutilak oso ondo aritu dira bigarren zatian, eta gola egiteko hainbat aukera izan dituzte. Halaber, Pablo Campos atezainak partida bikaina jokatu du. Edonola ere, urdinek sailkapeneko azken tokian segitzen dute.
Lehen zatian, Amorebieta ez da gai izan Huescaren ateraino heltzeko, baina ordenatuta jokatu eta lan ona egin du defentsan. Etxeko taldeak hainbat aukera izan ditu, garbiena Jorge Pulidorena izan da, 29. minutuan, baina ez du asmatu.
Partida erabat ezberdina izan da atsedenaldiaren ostean. Bigarren zatiaren hasieran, Amorebietak Huescaren akatsak baliatu ditu eta bi minuturen buruan bi gol aukera izan ditu: Alex Carbonellena, lehenengo, eta Rayco Rodriguezena, handik gutxira.
Denborak aurrera egin ahala, etxeko taldeak hobera egin du, Joaquin Muñozek izan ditu aukerarik onenak, baina Camposek bina geldiketa ikusgarri egin dizkio, 58. eta 87. minutuetan.
Azkenean, partida golik gabe amaitu da. Amorebietak puntu bat eskuratu du, baina zuloan segitzen du, salbazioko postuetatik 9 puntura.
Fitxa teknikoa:
0 - SD Huesca: Alvaro Fernandez; Gerard Valentin, Nieto (Blasco, 55. min), Jorge Pulido, Loureiro, Vilarrasa; Sielva, Kortajarena (Javi Martinez, 64. min); Elady (Joaquin, 55. min), Hugo Vallejo (Lombardo, 55. min) eta Obeng (Bolivar, 81. min).
0 -SD Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez, Bustinza, Etxeita, Felix Carrera, Carbonell (Yriarte, 72. min), Sibo, Dorrio (Edwars, 82. min), Rayco Rodriguez (Morci, 65. min), Seguin (Lasure, 82. min) eta Unzueta (Jauregui, 72. min).
Epailea: Sanchez Lopez. Txartel horia atera die Nietori (Huesca) eta Carbonelli (Amorebieta).