Espainiako Superkopa
Bartzelonak bizirik utzi zuen Real Madril
Erredakzioa
Victor Valdesen akats baten ondoren, Di Mariaren golak Superkopa irabazteko aukerekin utzi zuen Real Madril (3-2). Titulua Santiago Bernabeun erabakiko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bartzelonak gol baten aldearekin irabazi zuen atzo Espainiako Superkoparen joaneko partida (3-2). Tito Vilanovaren taldea aurkaria baino hobea izan zen partida osoan zehar, baina Victor Valdes atezainaren akats batek aukerak eman zizkion Real Madrili. Mourinhoren taldea markagailua mantentzera irten zen zelaira, eta denboraldiko lehenengo titulua irabazteko aukerekin helduko da Santiago Bernabeuko partidara.
Peperik gabe, Mourinhok osos zuhur hasi zuen norgehiagoka, eta lehenengo ordu laurdenean Bartzelonak atera ez jaurtitzea lortu zuen. Pique izan zen Casillas urduritzen lehenengoa; 17. minutuan urrunetik jaurti zuen. Real Madrilek itxita mantendu zuen atzeko lerroa, Bartzelona nola edo hala gelditzeko asmoz. Lehenengo zatian, Bartzelonak, Villarik gabe, ez zuen atean asmatu, eta taldeak husna joan ziren atsedenaldira.
Hala ere, Cristiano izan zen lehenengo golegilea, Ozilek ateratako korner batetik. Pedrok hurrengo minutuan eskuratu zuen berdinketa. Momentu horretatik aurrera, Bartzelonak partidari buelta emotea lortu zuen. Messik Sergio Ramosek egindako penalti argia bihurtu zuen, eta Xavik hirugarren gola eskuratu zuen, Iniestak egindako jokaldi bikainaren ondoren.
Bartzelonak baloia izan zuen partidako azken minutuetan, Real Madril azken kolpeak bilatzen zituen bitartean. Messik aukera garbia huts egin zuen Casillasen atean, eta Valdesek egindako akatsaren ondoren, Di Maria azkar ibili zen eta 3-2koa jarri zuen markagailuan. Real Madril aukerekin iritsiko da Santiago Bernabeun izango den Superkoparen itzuliko partidara.