Itxi

EA Sports Liga

Osasuna eta Alaves, garaipenaren bila Sadarreko euskal derbian

EITB Media

Leer en Castellano

Babazorroek eta gorritxoek martxoaren 4an jokatuko dute EA Sports Ligako 27. jardunaldiko euskal derbia, eta jaitsieraren mamua uxatzea dute helburu.

EA Sports Ligako lehen itzuliko Alaves - Osasuna derbiko irudia. Argazkia: EFE

Osasunak eta Alavesek EA Sports Ligako 27. jardunaldiko euskal derbia jokatuko dute martxoaren 4an, astelehenean, Sadarren. Neurketa 21:00etan hasiko da. Bi taldeak bolada onean iritsiko dira partidara.

Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak azken 9 puntuetatik 7 lortu ditu, eta denboraldiko unerik onenean dago, emaitzei erreparatuz gero. Realaren eta Cadizen aurka garaipena eta Las Palmasen kontra berdinketa lortu ostean, gorritxoek jaitsiera postuekiko abantaila handitu dute. Osasunak Ruben Peñaren baja izango du, eta zalantzan dago Mojicaren eta Barjaren parte-hartzea. Bestalde, Budimir jokatzeko prest dago, babes maskara batekin bada ere, Las Palmasen aurkako partidan masailezurra hautsi baitzuen. Raul Garcia de Haro eta Arnaiz ere, prest izango ditu Jagoba Arrasatek.

Alavesi dagokionez, bolada onean helduko da Sadarrera, eta bolada horri jarraipena eman nahi dio. 2024an partida bakarra galdu du EA Sports Ligan. Etxetik kanpo jokatutako azken lau partidetan puntuak poltsikoratu ditu, eta ez du porrotik jaso. Arabako taldea sailkapeneko hamargarren postuan dago, jaitsierako postuetatik hamar puntura. Osasunaren aurkako derbirako, Aleksander Sedlar da jokatzeko prest ez dagoen bakarra.

Lehen itzuliko norgehiagokan, Osasunak 0 eta 2 irabazi zion Alavesi Mendizorrotzan. Dena den, Arrasatek Osasuna zuzentzen duenetik, gorritxoek sei garaipen eta berdinketa bat eskuratu dituzte Gasteizko taldearen aurka jokatutako partidetan.

Albisteak (3)