Erregina Kopa
Reala Kopako finalerako bidearen bila zelairatuko da Atleticoren kontrako partidan
EITB MEDIA
Arnaiz eta Vanegas bueltan dira talde txuri-urdinean, ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango den norgehiagokan, 19:00etatik aurrera. Itzuliko partida martxoaren 13an jokatuko dute, Zubietan.
Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko du gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Erregina Kopako finaulaurrekoetako joaneko partidan, Wanda Alcala de Henares zelaian. Norgehiagoka zuzenean ikusteko aukera eskainiko du EITBk, ETB1en telebistaz, eta streamingez, eitb.eus-en.
Final laurdenetan Levante kanporatu ostean iritsi dira txuri-urdinak Erregina Koparen fase honetara, eta aldeko emaitza lortzea dute helburu. Aurrean, gaur egungo txapelduna, Atletico Madril, izango dute Natalia Arroyoren neskek. Maila handiko lehia espero da.
Nerea Eizagirre Realeko kapitainaren esanetan, "lan ona" egin dute orain arte: "Levanteren aurrean erakutsi genuen talde handien aurrean lehiatzeko gai garela, eta Atletico Madril talde horietako bat da. Badakigu partida gogorra izango dela, baina hara joan garenetan, ondo ibili gara".
Natalia Arroyo entrenatzaileak, bestetik, "neurketaren bila" joango direla azpimarratu zuen astelehenean emandako prentsaurrekoan, "beti egiten" duten bezala: "Ez dugu beste modurik ezagutzen".
Donostiako taldeak bueltan izango ditu Iris Arnaiz eta Manuela Vanegas. Horiez gain, Nora Sarriegi bigarren taldeko jokalaria ere dealdian sartu da.