Hypermotion Liga
Amorebietak 3-1 irabazi dio Sportingi, eta salbazioarekin amesten jarraitzen du
A. B. E. | EITB Media
Zornotzako taldeak garaipena bereganatu du Gijongoaren aurka, 3-1eko emaitzarekin, Hypermotion Ligako 32. jardunaldiko partidan. Ondorioz, Albacetek jokatu beharreko partidaren zain, Amorebietak jaitsiera postuetatik irteteko hiru puntu behar ditu.
Amorebietak garaipena bereganatu du Sportingen kontra, 3-1eko emaitzarekin, Lezaman jokatutako Hypermotion Ligako 32. jardunaldiko partidan. Horrenbestez, azken postuari agur esan dio Zornotzako taldeak, eta Albacetek martxoaren 25ean jokatuko duen neurketaren zain, hiru puntura du salbazioa.
Bizkaiko taldeak eman du lehen abisua, baina Etxeitaren errematea kanpora joan da. Gero, Alvaro Nuñezek egin du saiakera. Erasokor ibili da Amorebieta, eta gola sartu du 24. minutuan; etxeko taldearen aldeko kornerrean, Bustinzak baloia jo du, solte geratu da Etxeitaren erremate saiakeraren ostean, eta Jauregik ez du barkatu (1-0).
Gola egin ostean, Amorebietak ondo eutsi dio aurkariari. Hala ere, 43. minutuan, Sportingek berdintzea lortu du; Juan Oterok jarri du banakoa markagailuan (1-1), area barrutik egindako errematearekin Magunagoitia atezaina gaindituta.
Bazirudien neurketa berdinduta iritsiko zela atsedenaldira, baina Morcillok Amorebietaren bigarren gola sartu du 45. minutuan (2-1); Zornotzako jokalariak lurretik egin du errematea, Yañez atezaina ezustean harrapatuta.
Bigarren zatiaren hasieran, erasora jo du Sportingek. Gainera, Asturiasko taldeak gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, Hassan jokoz kanpo zegoelako errematea egin duenean.
Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, baina Sporting gehiago gerturatu da aurkariaren atera. Talde bisitariak gertu izan du gola 79. minutuan, baina Magunagoitiak gola saihestu du, Insuak area txikitik egindako errematea desbideratuta.
Sustoa gaindituta, Amorebietak bikain kudeatu du partidako azken txanpa. Gainera, Bizkaiko taldeak lehia erabakita utzi du luzapenean, Edwardsen golarekin (3-1); Amorebietako jokalaria area barruan sartu da, eta jaurtiketa gurutzatua eginez sartu du baloia ate barruan.
Horrela, garaipena eta hiru puntuak bereganatu ditu Amorebietak (3-1).
Fitxa teknikoa:
3 - Amorebieta: Magunagoitia; Alvaro Nuñez, Bustinza, Etxeita, Felix Garreta, Lasure; Erik Morán (Alex Carbonell, 58. min), Sibo; Dorrio (Jorge Mier, 88. min), Morcillo (Edwards, 76. min); eta Jauregi (Unzueta, 76. min).
1 - Sporting Gijon: Yáñez; Pascanu (Guille Rosas, 46. min), Insua, Rober Pier, Cote; Juan Otero, Roque Mesa (Jonathan Varane, 46. min), Nacho Martin (Christian Rivera, 61. min), Fran Villalba; Gaspar Campos (Hassan, 46. min) eta Djurdjevic (Mario Gonzalez, 72. min).
Golak: 1-0, 23. min: Jauregi. 1-1, 43. min: Juan Otero. 2-1, 45. min: Morcillo. 3-1, 91. min: Edwards.
Epailea: Daniel Jesus Trujillo Suarez. Txartel horia atera dio Felix Garreta (48. min) Amorebietako jokalariari, baita Varane (61. min) Sportingeko futbolariari ere.