Itxi

Hypermotion liga

Amorebietak mailari eusteko borrokan jarraitzen du, Levanteri 89. minutuan irabazi ostean (1-2)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Amorebietak bost partida jarraian daramatza galdu gabe, eta jaitsiera postuetatik atera da, behin-behinean bada ere.

Amorebietako jokalariak Iker Unzuetaren gola ospatzen. Argazkia: SD Amorebieta

Iker Unzuetak 89. minutuan sartutako golari esker, Amorebietak Levanteren aurkako partidaren markagailua irauli du (1-2), Ciutat de Valencia zelaian, Hypermotion Ligako 35. jardunaldiko partidan. Hala, behin-behinean jaitsiera postuetatik urruntzea lortu du; izan ere, aurkari zuzenek gaur eta bihar jokatuko dituzte euren partidak.

Partidaren hasiera bizia eta entretenigarria izan da, eta abagune oso argiak izan dituzte bi taldeek. Hala ere, hiru golak neurketako azken ordu erdian iritsi dira. Talde bizkaitarra atzean itxita zegoenean, Pablo Martinezek egin du 1-0ekoa Levanterentzat, ezkerrarekin area kanpotik egindako errematearekin.

Baina Levantek ez du abantailaz gozatzeko astirik izan, Jauregik hiru minutu baino gutxiago behar izan baititu markagailua berdintzeko, Erik Moranen asistentzia ona baliatuta (1-1).

Partida berdinduta amaituko zela ematen zuenean, 89. minutuan, Unzueta agertu da. Maras atzean utzi du lehenengo, eta Andres gainditu du gero, Amorebieta jaitsiera postuetatik ateratzeko.

Fitxa teknikoa:

1 - Levante UD: Andres, Andres Garcia, Dela, Maras, Alex Muñoz, Brugue, Algobia (Lozano, 79. min), Pablo Martinez, Rober (Carlos Alvarez, 60. min), Fabricio (Valle, 79. min) eta Dani Gomez (Bouldini, 79. min).

2 - SD Amorebieta: Magunagoitia, Bustinza, Etxeita, Felix, Lasure, Alvaro Nuñez, Siro, Erik Moran (Carbonell, 80. min), Edwards (Mier, 70. min), Dorrio (Rayco, 87. min) eta Jauregi (Unzueta, 87. min).

Golak: 1-0, 65. min: Pablo Martinez. 1-1, 68. min: Jauregi. 1-2, 89. min: Unzueta.

Epailea: Cid Camacho.