Itxi

Hypermotion Liga

Morcillok amesten jarraitzeko puntua eman dio Amorebietari (2-2)

EITB Media

Leer en Castellano

Bizkaiko taldeak berdindu egin du (2-2) Burgosen aurka, Plantio estadioan jokatu den Hypermotion Ligako 37. jardunaldian. Bi gol kontra zituela galtzen joan ondoren, Morcillok markagailua berdintzea lortu du, bi minutuan bi gol sartuta.

Morci, pozik, Burgosi sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: @SDAmorebieta

SD Amorebietak 2-2 berdindu du Burgosen aurka, Plantio futbol-zelaian jokatutako Hypermotion Ligako 37. jardunaldiko partidan. Lehen zatia 2-0ko emaitzarekin amaitu ondoren, Morcillok markagailua berdintzea lortu du, bi minutuan bi gol sartuta. Emaitza horrekin, Amorebietak puntu bat lortu du, eta mailari eusteko ametsetan jarraitzen du.

Neurketa hasi eta berehala, Burgosko zaleak eserlekutik altxatu dira Fernando Niñok zazpigarren minutuan sartutako gola ospatzeko, Matosek pase ikusgarria egin ostean.

Vila-realeko jokalari ohiak bizkarra eman dio Etxeitari, eta Magunagoitiaren irteera ikusita, iskin egin dio eta Amorebietaren atean sartu du baloia. VARa berrikusi ondoren igo da gola markagailura.

Gola egin ostean, Burgosek zelaiaren hiru laurdenetan jarri du bere presio lerroa, gora egin nahian, Amorebietak baloia lasai ateratzea oztopatzeko. Jandroren mutilek lehen zatian izan duten arazo nagusia mugikortasun falta izan da. Urdinen aukerarik garbiena Morcilloren jaurtiketa indartsu baten ostean etorri da. Jauregi errematatzen saiatu da, baina ezin izan du, Burgoseko atzelariak azkar ibili baitira, eta baloia hilda geratu da berriro Morcillok jaurtiketa egin dezan, oraingoan area txikitik gertu, baina ez du asmatu.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Curro Sanchezek bigarren gola egin du. Alex Bermejoren asistentzia baten ondoren, Currok ezkerrarekin errematatu du area barruko ezkerraldetik, eta sarera bidali du baloia.

58. minutuan, bestalde, txingor ekaitza gero eta handiagoa zela eta, Fuentes Molina epaileak partida gelditu behar izan du.

Partidari berriro ekin ondoren, Jandroren taldea kontrako zelaian kokatu da, eta 78. minutuan heldu da Amorebietaren lehen gola, etxeko atezainaren akats handi baten ostean. Morcillok baliatu du gola egiteko.

Bi minutu geroago, Morcillok bisitarien bigarrena egin du, Caro gainditzeko baselina bikaina eginez. Bi minutuan bi gol sartu ditu Morcillok, eta horrek erabat aldatu du partidaren norabidea.

Luzapeneko 14 minutuetan, partida erotu egin da, eta bi taldeek markagailuan aurrea hartzeko aukera izan dute. Azkenik, puntuak banatu dira Plantion. Puntu horrek mailari eusteko amets egiten jarraitzeko aukera ematen dio Jandroren taldeari.

Fitxa teknikoa:

2 - Burgos: Caro; Arroyo (Borja González, 96. min), Cordoba, Grego Sierra, Matos; Curro Sanchez, Appin (Ojeda, 88. min), Mumo, Bermejo (Ander Martin, 77. min); Joni Montiel eta Fer Niño (Edu Espiau, 96. min).

2 - SD Amorebieta: Magunagoitia; Bustinza, Etxeita, Gaya, Lasure; Alvaro Nuñez, Sibo, Erik Moran (Raico, 97. min), Jon Morcillo; Dorrio eta Jauregi.

Golak: 1-0, 7. min: Fer Niño. 2-0, 47. min: Curro. 2-1, 77. min: Morcillo. 2-2, 79. min: Morcillo.

Epailea: Fuentes Molina. Txartel horia atera die Grego Sierra (4. min), Joni Montiel (12. min), Mumo (58. min) eta Dani Ojeda (97. min) Burgosko jokalariei; eta Lasure (34. min) eta Erik Moran (43. min) Amorebietako jokalariei.