F Liga
Athletic garaile Eibarren aurkako euskal derbian (0-2)
EITB Media
Zuri-gorriek 0-2ko emaitzarekin menderatu dituzte armaginak Ipuruan jokatutako F Ligako 25. jardunaldiko partidan. Azkona eta Amezaga izan dira golegileak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek 0-2 irabazi dio Eibarri Ipuruan jokatutako F Ligako 25. jardunaldiko euskal derbia. Ondorioz, zuri-gorriek Txapeldunen Ligara sailkatzeko lehian jarraitzen dute, 44 punturekin, eta armaginak sailkapeneko 11. postuan daude, 26 punturekin.
Hasieratik baloiaren jabe egin da talde armagina. Hala ere, bi taldeei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea. Gola sartzeko lehen aukera Eibarrek izan du, 18. minutuan, baina Espe Pizarrok area barrutik egindako errematea Nanclares atezainak desbideratu du kornerrera. Athleticen erantzuna 27. minutuan heldu da; Nahikari Garciak ateratako kornerraren ostean Azkonak egindako errematea Miralles atezainak gelditu du.
Lehen zatiko azken minutuetan, bi taldeak gola egiten saiatu dira, baina defentsak aurrelariei gailendu zaizkie.
Atsedenaldiaren ostean, erasokor zelairatu da Eibar, baina Athleticek sartu du partidako lehen gola, 53. minutuan: Carla Andres talde armagineko jokalariak huts egin du baloia aldentzerakoan, eta oparia Azkonak baliatu du area txikitik egindako errematearekin Miralles gainditzeko (0-1).
Zuri-gorriek gola sartu ostean, parekotasuna izan da nagusi. Abaguneak urriak izan dira bi taldeentzat. Azken unera arte, emozioa izan du derbiak. Eibarrek berdintzeko aukera izan du 80. minutuan, abagune bikoitzarekin: lehenengo, Maddi Torre gurutzatu da Andrea Alvarezen jaurtiketa desbideratzeko, eta, gero, Nanclaresek gelditu du Elbarren errematea.
Luzapenean, Annelie Leitner Eibar taldeko jokalariak saiakera egin du area barrutik jaurtita, baina Athleticeko atezainak ondo harrapatu du baloia. Ia jarraian, 93. minutuan, Jone Amezagak erabakita utzi du derbia, 0-2koa sartuta; jokalari zuri-gorriak bikain amaitu du kontraerasoko jokaldia.