Itxi

Eurokopa

Kroaziak eta Albaniak berdindu egin dute, 2-2, eta zailtasunak izango dituzte final zortzirenak jokatzeko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2-2ko gola bigarren zatiko luzapenean sartu du Albaniak, 95. minutuan. Aurretik, 11. minutuan, Lacik aurretik jarri du Albania, eta bigarren zatian Kroaziak bi gol sartu ditu, 74. eta 76. minutuetan.

Budimirrek bigarren zatian jokatu du, eta oso ondo ibili da. Argazkia: EFE.

Kroaziak eta Albaniak berdindu egin dute, 2-2, asteazkenean, Hanburgon, B multzoko bigarren jardunaldiko lehenengo partidan, Alemanian jokatzen ari diren Eurokopako multzo fasearen barnean; horrenbestez, bi selekzioek txapelketan batu duten aurreneko puntua lortu dute. Lacik Albania jarri du aurretik, 11. minutuan, eta Kamaricek, 74.ean, 1-1ekoa sartu du; Gjasulak, bere atean, Kroaziaren aldeko 2-1ekoa egin du, 76. minutuan, eta Gjasulak berak, 95.ean, azken gola erdietsi du, 2-2koa. Ante Budimir Osasunako aurrelariak jokatu egin du, 69. minutuan zelairatuta, eta giltzarria izan da Kroaziako selekzioarentzat, bereziki bere taldearen bi goletan egin dituen jokaldi bikainengatik.

Bi taldeek, emaitza hau zenbatuta, zailtasun handiagoa dute Eurokopako final zortzirenetarako sailkatzeko. Espainia eta Italia dira multzoan dauden beste bi taldeak, eta bi selekzio horiek garaipena eskuratu zuten lehenengo jardunaldian; ostegunean, biak arituko dira nor baino nor gehiago, eta lider izateko aukera izango dute jokoan. Hirugarren jardunaldian, hurrengo astelehenean, Kroaziak Italiaren aurka jokatuko du, eta Albainak Espainiaren aurka.

Kroaziaren eta Albaniaren arteko partidan, Kroaziak hobeto jokatu du, argitasun handiegirik erakutsi ez badu ere; Albainak, nolanahi ere, berretsi du, Italiaren aurka ere erakutsi zuenez, sasoi puntu egokian iritsi dela txapelketara, eta talde lehiakorra duela. Lehen zatian, Kroaziak arrisku oso txikia sortu ahal izan du, eta, testuinguru horretan, oso garrantzitsua izan da Budimirren ekarpena, laguntza handia eman baitie taldekideei sakondu eta Albaniako atzealdea irekitzeko. Gjasulak 2-2koa sartu duenean, Kroaziak ia poltsikoratuta zituen hiru puntuak, baina gol hori oztopo handia da 2018ko Munduko Txapelketan bigarren postua lortu zuen selekzioarentzat.

Fitxa teknikoa

2 - Kroazia: Livakovic; Juranovic, Sutalo, Gvardiol, Perisic (Sosa, 84. min); Modric, Brozovic (Pasalic, 46. min), Kovacic; Majer (Sucic, 46. min), Petkovic (Budimir, 69. min) eta Kramaric (Baturina, 84. min).

2 - Albania: Strakosha; Hysaj, Djimsiti, Arlind Ajeti, Mitaj; Asllani, Ramadani (Hoxha, 85. min), Laci (Gjasula, 73. min); Asani (Seferi, 64. min), Manaj (Daku, 85. min) eta Bajrami.

Golak: 0-1, 11. min: Laci; 1-1, 74. min: Kramaric; 2-1, 76. min: Gjasula, bere atean; 2-2, 95. min: Gjasula.

Epailea: François Letexier (Frantzia). Albaniako Hysaj eta Gjasula eta Kroaziako Ivusic zigortu ditu, txartel horia aterata.

Albisteak (7)