Itxi

Eurokopa

Austria, Herbehereak 2-3 mendean hartuta, D multzoko lider bezala sailkatu da; Frantzia, bigarren

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Multzo fasearen hirugarren jardunaldian, multzoko beste partidan, Frantziak eta Poloniak bana egin dute. Austriak, sei puntu dituela, multzoko lehenengo postutik egin du aurrera; Frantziak, bost puntu batuta, bigarren amaitu du; Herbehereetako selekzioak hirugarren postutik jarraituko du.

Sabitzerrek ezkerkada honen bidez sartu du 2-3koa, Austria-Herbehereak partidan. Argazkia: EFE.

Austriako selekzioa Herbehereetakoa hartu du mendean, 2-3, eta Frantziak eta Poloniak bana egin dute, asteartean, D multzoan, Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopako multzo fasearen hirugarren eta azken jardunaldian. Horrenbestez, Austria, Frantzia eta Herbehereak sailkatu dira txapelketako final zortzirenetarako, eta, hain zuzen ere, ordena horretan egin dute: Austriak, sei puntu lortuta, multzoko lider itxi du fase hau, Frantziak, bost puntu batuta, bigarren postutik egingo du aurrera, eta Herbehereak, lau puntu dituela, sailkatu egin da, hirugarren lekutik.

Herbehereak-Austria (2-3): Austriak ezustekoa eman eta D multzoko aurreneko postua lortu du

Testuinguru horretan, Berlinen, Austriako selekzioak Herbehereetakoa menderatu du, 2-3, eta, hortaz, sari bikoitza eskuratu: alde batetik, final zortzinetarako sailkatu da; bestetik, multzoko lider bezala egin du hori.

Malen herbeheretarrak, seigarren minutuan, bere atean, 0-1ekoa sartu du, Austrian aurretik jarrita, eta ez da beste aldaketarik markagailuan lehenengo zatian. Bigarrenean, ordea, lau gol gehiago sartu dituzte: 47. minutuan, Gakpok banakoa egin du; 59.ean, Schmidek 1-2koa sartu du, eta 75.ean, aldiz, Depayk bigarren berdinketa jarri du; Sabitzerrek, 79. minutuan, gol ederra sartuta, Austriaren garaipena bermatu du. Final zortzirenetan, Austriak Turkia, Txekia edo Georgia izango du aurkari; Herbehereetako selekzioak, bere aldetik, hainbat balizko aurkari ditu, Eurokopako lehenengo kanporaketarako.

Fitxa teknikoa

2 - Herbehereak: Verbruggen; Geertruida, De Vrij, Van Dijk, Aké (Van der Ven, 65. min); Schouten, Veerman (Xavi Simons, 35. min); Malen (Weghorst, 71. min), Reijnders (Wijnaldum, 66.min), Gakpo; Depay.

3 - Austria: Pentz; Posch, Wober, Lienhart (Querfeld, 65. min), Prass; Seiwald, Grillitsch; Wimmer (Baumgartner, 63. min), Sabitzer, Schmid; Arnautovic.

Golak: 0-1, 6. min: Malen, bere atean. 1-1, 47. min: Gakpo. 1-2, 59. min: Schmid. 2-2, 76. min: Depay. 2-3, 81. min: Sabitzer.

Epailea: Ivan Kruzliak (Eslovakia). Austriako Posch, Wimmer eta Querfeld zigortu ditu, txartel horia aterata.

Frantzia-Polonia (1-1): Mbappek eta Lewandowskik penaltiz sartu dute, eta Frantzia multzoko bigarren bezala sailkatu da

Bitartean, Dortmunden, Frantziak eta Poloniak bana egin dute, eta, ondorioz, Frantziako selekzioak, Eurokopa irabazteko faborito nagusietakoa bera, bigarren postuan amaitu du multzo fasea, D multzoan. Didier Deschampsen taldeak selekzio hauetako bat izango du aurkari final zortzirenetan: Errumania, Belgika, Eslovakia edo Ukraina.

Dembele, jokaldi batean, erdiraketa jartzen. Argazkia: EFE.

Kylian Mbappek, 56. minutuan, eta Robert Lewandowskik, 79.ean, partidako golak egin dituzte, eta bi golak penaltiz sartu dituzte. Aurreikusita zegoenez, Frantziak izan du jokoa kontrolpean; izan ere, Poloniak ez zuen aukerarik txapelketan aurrera egiteko. Frantziako selekzioak, baina, ez du asmatu, eta ezin izan du batu garaipena.

Fitxa teknikoa

1 - Frantzia: Maignan; Kounde, Upamecano, Saliba, Theo Hernandez; Tchouameni (Fofana, 82. min), Kante (Griezmann, 61. min), Rabiot (Camavinga, 61. min); Demebele (Kolo Muani, 86. min), Barcola (Giroud, 61. min) eta Mbappe.

1 - Polonia: Skosupski; Bednarek, Dawidowicz, Kiwior; Frankowski, Moder, Zielinski, Zalewski (Skoras, 68. min); Szymanski (Swiderski, 68. min), Urbanski; eta Lewandowski.

Golak: 1-0, 56. min: Mbappe, penaltiz. 1-1, 79. min: Lewandowski, penaltiz.

Epailea: Marco Guida (Italia). Frantziako Rabiot eta Poloniako Zalewski, Michal Probierz entrenatzailea, Dawidowicz eta Swiderski zigortu ditu, txartel horia aterata.

 

Albisteak (3)