Paris 2024
Pacheco, Turrientes eta Oroz, Olinpiar Jokoetarako lehenengo zerrendan
EITB MEDIA
Santi Denia Espainiako hautatzaileak 22 futbolari deitu ditu, eta Realeko bi jokalariak eta Osasunako erdilaria zerrendan daude. Behin betiko deialdia uztailaren erdialdean emango dute, eta 18 jokalari izango dira horretan.
Realeko Jon Pacheco eta Beñat Turrientes eta Osasunako Aimar Oroz Santi Denia Espainiako hautatzaileak Parisen jokatuko dituzten Olinpiar Jokoetarako emandako lehenengo zerrendan daude. Santi Deniak 22 jokalari deitu ditu, eta behin betiko deialdian 18 sartu ahalko ditu; beraz, lau futbolari kendu beharko ditu zerrendatik, horietako bat atezain, FIFAri uztailaren bigarren astean ematekoa den azken deialdian.
Alex Baena eta Fermin Lopez ere deitu dituzte; une honetan, Vila-realeko eta Bartzelonako erdilariak Alemanian daude, Eurokopan, eta, beraz, baliteke bi txapelketa jarraian jokatzea. Eurokopan lehiatzen ari den Espainiako selekzioan, Lamine Yamal eta Nico Williams ere badaude, 23 urtez azpikoak dira biak, eta Olinpiar Jokoetarako deialdian sartzeko aukera zuten, baina ez da hori jazo.
Olinpiar Jokoetan, Espainiak uztailaren 24an jokatuko du aurrenekoz, Uzbekistan aurkari, Printzeen Parkean; gerora, Bordelera lekualdatuko da, bertan jokatu beharko dituelako multzo fasearen ondorengo bi neurketak: uztailaren 27an, Dominikar Errepublikaren aurka, eta uztailaren 30ean, Egiptoren kontra. Hiru partidak 15:00etan hasiko dira.
Hauxe da 22 jokalarien lehenengo zerrenda:
Atezainak: Arnau Tenas (Paris Saint-Germain), Joan Garcia (Espanyol), Alejandro Iturbe (Atletico Madril B).
Atzelariak: Juanlu Sanchez (Sevilla), Marc Pubill (Almeria) Eric Garcia (Girona), Cristian Mosquera (Valentzia), Pau Cubarsi (Bartzelona), Jon Pacheco (Reala), Miguel Gutierrez (Girona), Juan Miranda (Betis)
Erdilariak: Beñat Turrientes (Reala), Adrian Bernabe (Parma), Alex Baena (Vila-real), Fermin Lopez (Bartzelona), Pablo Barrios (Atletico Madril), Aimar Oroz (Osasuna).
Aurrelariak: Sergio Gomez (Manchester City), Diego Lopez (Valentzia), Sergio Camello (Rayo Vallecano), Abel Ruiz (Sporting Braga), Samu Omorodion (Atletico Madril).