Ofiziala
Dani Garcia, Mendilibarrek zuzendutako Olympiakos taldeko jokalari berria
EITB Media
Athletic eta Eibar taldeetako jokalari ohiak denboraldi baterako kontratua sinatu du Olympiakosekin. Zumarragakoa berriz egongo da Jose Luis Mendilibarren aginduetara.
Dani Garcia Olympiakoseko jokalari berria da. Zumarragako jokalariak Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak zuzentzen duen Greziako taldean jokatuko du 2024-2025 sasoian, denboraldi baterako kontratua sinatuta.
Euskal erdilaria 2012-2013 denboraldian heldu zen Eibarrera, talde armagina Bigarren B Mailan zegoenean, lehenago Alacant eta Getafe B taldeetan ibili ostean. Eibarrekin Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, baita Lehen Mailara ere. Armaginekin lau denboraldi eman zituen Lehen Mailan, eta 2015-2016 sasoitik 2017-2018 denboraldira arte Mendilibar izan zuen entrenatzaile Eibarren.
2018ko ekainean, Athleticek fitxatu zuen. eta sei denboraldi eman zituen talde zuri-gorrian. 2020-2021 denboraldian, Espainiako Superkopa irabazi zuen Athleticekin, eta 2023-2024 sasoian, Errege Kopako txapeldun izan zen Athleticekin.
Dani Garciak etapa berri bati ekingo dio orain Greziako Ligan. Olympiakos Europa Ligan ere lehiatuko da.