Itxi

PARIS 2024

Sergio Gomez txuri-urdinak garaipena eman dio Espainiari Uzbekistanen aurka (1-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aimar Oroz Osasunako erdilaria titular gisa aritu da; Jon Pacheco eta Beñat Turrientes Realeko jokalariek, ordea, aulkitik jardun dute.

Sergio Gómez Realeko jokalaria berak sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Espainiako selekzioak garaipenarekin ekin die Parisko Olinpiar Jokoei Uzbekistanen aurka (1-2), Marc Pubillek, 29. minutuan, eta Realak fitxatu berri duen Sergio Gomezek, 62. minutuan, sartutako golei esker. Santi Deniak zuzentzen duen taldeak hiru puntuak bildu ditu, nahiz eta jokoan nagusi ez izan eta azken minutura arte emaitzari eusteko sufritu.

Espainia geldikako ekintza batean aurreratu da markagailuan. Sergio Gomezek erdiratu du, Abel Ruizek lehen zutoinean baloia orraztu du eta bigarrenean Marc Pubill sartu da 0-1ekoa egiteko.

Lehen zatiko luzapenean, Pau Cubarsik penaltia egin dio Muhammadkodir Hamralievi eta Eldor Shomurodov kapitain uzbekistandarrak gola egiteko baliatu du.

Bigarren zatian, Sergio Gomezek ere penaltiz izan du Espainiaren bigarren gola erdiesteko abagunea, baina Abduvakhid Nematov atezainak eskuin oinarekin atera du txuri-urdinaren jaurtiketa.

Aitzitik, hiru minutu geroago, Sergio Gomezek berak ez du barkatu Juan Mirandak ezker hegaletik egindako erdiraketa sareratzeko.

Santi Deniak zuzentzen duen selekzioak Jon Pacheco eta Beñat Turrientes jokalariak erabili ditu bigarren zatian, eta azken unera arte sufritu du hiru puntuak eskuratzeko.

Aimar Oroz, neurketako jokaldi batean. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

1 - Uzbekistan: Abduvakhid Nematov; Khusniddin Alikulov, Abdukodir Khusanov, Muhammadkodir Hamraliev, Ibrokhimkhalil Yuldoshev; Umarali Rakhmonaliev, Abdurauf Buriev (Ruslanbek Jiyanov, 67. min); Abbosbek Fayzullaev, Jasurbek Jaloliddinov (Diyor Kholmatov, 67. min), Oston Urunov (Khusayin Norchaev, 59. min) eta Eldor Shomurodov (Ibrohim Ibragimov, 79. min).

2 - Espainia: Arnau Tenas; Marc Pubill, Eric García, Pau Cubarsí (Jon Pacheco 46. min), Juan Miranda; Pablo Barrios, Fermín López (Adrián Bernabé, 76. min), Álex Baena (Beñat Turrientes, 87. min); Aimar Oroz (Diego López, 76. min); Sergio Gómez eta Abel Ruiz (Samu Omorodion, 87. min).

Golak: 0-1, 29. min: Marc Pubill. 1-1, 48+. min: Eldor Shomurodov (p).  1-2, 62. min: Sergio Gómez.

Epailea: Beida Dahane (Mauritania). Txartel horiak: Jasurbek Jaloliddinov (36. min), Abdurauf Buriev (61. min) eta Diyor Kholmatov (68. min); Pau Cubarsí (7. min), Marc Pubill (37. min), Adrián Bernabé (80. min), Abel Ruiz (82. min) eta Samu Omorodion (97. min).

Ibai Gomezek zuzendutako Dominikar Errepublikak berdinketa batekin egin du debuta

Ibai Gomezen aginduetara lehiatzen ari den Dominikar Errepublikako selekzioak asteazken honetan hasi du bere historia idazten Olinpiar Jokoetako futbol txapelketan, eta golik gabeko berdinketa batekin estreinatu da Egiptoren aurka (0-0).

Athletic Clubeko jokalari ohiak entrenatzen duen talde dominikarrak Espainiaren aurka jokatuko du datorren larunbatean, arratsaldeko 15:00etan.

Albisteak (2)

Bideoak (1)