Paris 2024, Futbola
Espainiak Egiptoren aurka galdu du eta multzoko bigarren postuan sailkatu da final-laurdenetara (1-2)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jon Pacheco, Beñat Turrientes eta Aimar Oroz hasierako hamaikakoan sartu dira. Pachecok partida osoa jokatu du eta bere akats batek bigarren gola eman dio Egiptori.
Espainiako futbol selekzioak galdu egin du Egiptoren aurka (1-2), 40. eta 62. minutuetan Ibrahim Adelek sartutako bi golen ondorioz. Samu Omorodionek 90. minutuan egindako golak ez du partidari buelta emateko balio izan. Hala ere, Espainia C multzoko bigarren postuan sailkatu da final-laurdenetara. Lyonen jokatuko ditu final-laurdenak, D multzoko lehen sailkatuaren aurka.
Jon Pacheco, Beñat Turrientes eta Aimar Oroz hasierako hamaikakoan sartu dira. Pachecok partida osoa jokatu du eta bere akats batek bigarren gola eman dio Egiptori.
Egipto erasokorrago sartu da partidan, area barrutik egindako jaurtiketa baten bidez, Turrientesek estali duena. Ibrahim Adelek markagailua ireki du 40. minutuan Egiptorentzat (0-1).
Atsedenalditik bueltan, hasierako hamaikakoan errepikatu duen bakarra, Aimar Oroz, aulkira joan da eta Sergio Gomez sartu da zelaira. Espainia erreakzionatzen saiatu da, baina Pachecok huts egin du 62. minutuan.
Erdiko atzelariak gaizki eman du atzera pasea eta Ibrahim Adel bakarrik gelditu da Alejandro Iturberen aurka, bere bigarren gola sartuz (0-2).
Samu Omorodionek 90. minutuan murriztu du aldea, baina ez du markagailua iraultzeko denborarik eman (1-2).
Fitxa teknikoa:
1 - Espainia: Alejandro Iturbe; Marc Pubill (Juanlu Sanchez, 46. min), Cristhian Mosquera, Jon Pacheco, Miguel Gutierrez (Juan Miranda, 69. min); Beñat Turrientes (Pablo Barrios, 63. min), Adrian Bernabe (Fermin Lopez, 63. min); Diego Lopez, Sergio Camello, Aimar Oroz (Sergio Gomez, 46. min); eta Samu Omorodion.
2 - Egipto: Hamza Alaa; Ahmed Eid (Ziad Kamal, 96+. min), Omar Fayed (Mohamed Tarek, 69. min), Hossam Abdelmaguid, Karim El Debes (Mahmoud Saber, 46. min); Mohamed Elneny, Mohamed Shehata (Ahmed Atef, 80. min), Ahmed Koka; Zizo, Ibrahim Adel eta Osama Faisal.
Golak: 0-1: Ibrahim Adel, 40. min. 0-2: Ibrahim Adel, 62. min. 1-2: Samu Omorodion, 90. min.
Epailea: Drew Fischer (Kanada). txartel horia atera dio Eid Ahmed jokalariari.
Dominikar Errepublikak Uzbekistanen aurka berdindu du Jokoei agur esateko (1-1)
Ibai Gomez eta Fernando Amorebieta euskaldunek zuzendutako Dominikar Errepublikako selekzioak bana berdindu du Uzbekistanen aurka multzoen faseko azken partidan. Horrela, bere multzoko hirugarren postuan amaituz, agur esan die Olinpiar Jokoei.