Olinpiar Jokoak
Oroz, Turrientes eta Pacheco Olinpiar Jokoetako finalerako sailkatu dira, Espainiako selekzioarekin
EITB MEDIA
Espainiak Maroko menderatu du, 1-2, astelehenean jokatutako finalerdian. Ferminek eta Juanluk egin dituzte Espainiaren golak, eta Rahimik, penaltiz, partidako lehenengo gola sartu du. Aimar Orozek partida osoa jokatu du, eta Beñat Turrientes azken minutuetan zelairatu dute.
Aimar Oroz, Beñat Turrientes eta Jon Pacheco Parisen jokatzen ari diren 2024ko Olinpiar Jokoetako finalerako sailkatu dira, futboleko txapelketan, astelehenean, Espainiako selekzioarekin, eta, horrenbestez, euskal kirolarentzako beste domina bat ziurtatu dute. Marseillan jokatutako finalerdian, Espainiak Maroko menderatu du, 1-2; Ferminek eta Juanluk egin dituzte Espainiaren golak, eta Rahimik, penaltiz, partidako lehenengo gola sartu du. Aimar Orozek partida osoa jokatu du, eta Beñat Turrientes azken minutuetan zelairatu dute.
Espainiak kalitatea eta indarra izan ditu, markagailua iraultzeko. Lehen zatian bi taldeak parean ibili dira; hori bai, Marokok, tarte batzuetan, Espainiak baino argiago kontrolatu du zelai erdia. 37. minutuan, Soufiane Rahimik, penalti bat baliatuta, 1-0ekoa sartu du. Baenak, atsedenaldira joan aurretik, gertu izan du banakoa, baina bere jaurtiketak zutoina jo du.
Bigarren zatian, Espainia gehiago izan da. Azkarrago ibili da erasoan, eta, gainera, Ferminek partida bikaina egin du. Santi Deniak entrenatutako taldeak 65. minutuan berdindu du, eta, 85. minutuan, bigarren gola lortu.
Beraz, Espainiak deitutako hiru euskal jokalariek urrezko domina irabazteko aukera dute, eta jakin badakite gutxienez zilarrezko domina aldean itzuliko direla etxera. Sergi Gomez Realeko fitxaketa berriak ere jokatu du.
Fitxa teknikoa
1 - Maroko: Munir El Kajoui; Achraf Hakimi, Oussama El Azzouzi, Mehdi Boukamir (Mehdi Maouhoub, 88. min), Zakkaria El Ouahdi; Amir Richardson, Oussama Tarhalline; Ilias Akhomach, Eliesse Ben Seghir, Ez Abde; eta Soufiane Rahimi.
2 - Espainia: Arnau Tenas; Marc Pubill (Juanlu Sanchez, 61. min), Eric Garcia, Pau Cubarsi, Juan Miranda (Miguel Gutierrez, 61. min); Pablo Barrios (Adrian Bernabe, 66. min), Fermin Lopez (Beñat Turrientes, 88. min), Alex Baena (Samu Omorodion, 92. min); Sergi Gomez, Aimar Oroz eta Abel Ruiz.
Golak: 1-0: Rahimi, 36. min. 1-1: Fermin, 66. min. 1-2: Juanlu, 85. min.
Epailea: Glenn Nyberg (Suedia). Marokoko Rahimi eta Richardson eta Espainiako Arnau Tenas, Fermin eta Bernabe zigortu ditu, txartel horia erakutsita.