Paris 2024, futbola
Orozek, Turrientesek eta Pachecok urrea lortu dute Espainiako selekzioarekin luzapenean Frantzia garaituta
I. G. | EITB MEDIA
Frantziarrek hartu dute aurrea Milloten golarekin. Ferminen bi golek eta Baenaren beste batek egoerari buelta eman diote, baina Aklioucheren eta Matetaren golek, azken hori penaltiz, luzapenera bidali dute partida. Hor sartu ditu Camellok garaipenaren golak Espainiarentzat (3-5).
Aimar Orozek, Beñat Turrientesek eta Jon Pachecok urrezko domina lortu dute ostiral honetan Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan, Espainiako selekzioarekin Frantzia 3-5 menderatuta. Frantziarrek hartu dute aurrea Milloten golarekin. Ferminen bi golek eta Baenaren beste batek buelta eman diote egoerari, baina Aklioucheren eta Matetaren golek, azken hori penaltiz, luzapenera bidali dute partida (3-3). Hor sartu ditu Camellok garaipenaren golak Espainiarentzat (3-5).
Frantziarrak erasokorragoak izan dira lehen minutuetan, eta, horri esker, 11. minuturako ireki dute markagailua, Milloten golari esker (1-0, 11. min). Baina pozak gutxi iraun die, 18. minutuan Ferminek berdinketa jarri baitu markagailuan (1-1, 18. min).
Minutu gutxira, Barçako jokalariak bere bigarren gola egin du Espainia aurretik jartzeko, Abel Ruizen errematea gelditu duen atezainaren errebotea jasota, Baenaren erdiraketa on baten ostean (1-2, 25. min). Gainera, hiru minuturen buruan, azken horrek ere gola egin du, faltaz (1-3, 28. min).
Aldageletatik bueltan, Frantzia pilak kargatuta sartu da eta egoerari buelta eman dio. Horren erakusgarri izan dira Kone eta Kalimuendoren gol aukerak.
Frantziarrek ekin eta ekin jarraitu dute, eta amaierarako hamar minuturen faltan gola egin dute, Akliouchek ateratako falta baten bidez. Ez da inor errematatzeko gai izan, baina baloiak sarean amaitu du (2-3, 79. min).
Arauzko denbora agortzear zenean, 93. minutuan, Mirandak penalti egin dio Kalimuendori. Matetak gola sartu du hamaika metroko puntutik, eta partida luzapenera joan da (3-3, 93. min). Azken aukeran, Turrientes hori saihesteko zorian egon da, baina horren jaurtiketak langa jo du.
Luzapenaren lehen zatian, Espainiako selekzioaren jokaldi taktiko on batek Camello bakarrik utzi du atezainaren aurrean, gola nahi bezala sartzeko (3-4, 100. min).
Bigarren zatian, urduritasuna nagusitu da eta bi taldeek aukerak izan dituzte. Azkenean, Camellok gola sartu du Espainiako selekzioarentzat, eta urrea ziurtatu du (3-5, 121. min).
Fitxa teknikoa:
3 - Frantzia: Guillaume Restes; Kilian Sildillia (Rayan Cherki, 110. min), Loic Bade, Castello Lukeba, Adrien Truffert (Bradley Locko, 91. min); Enzo Millot (Desire Doue, 78. min), Manu Kone (Soungoutou Magassa, 106. min), Joris Chotard (Maghnes Akliouche, 52. min); Michael Olise, Jean-Philippe Mateta eta Alexandre Lacazette (Arnaud Kalimuendo, 52. min).
5 - Espainia: Arnau Tenas; Marc Pubill (Juanlu Sanchez, 73. min), Eric Garcia, Pau Cubarsi, Juan Miranda (Miguel Gutierrez, 97); Pablo Barrios, Fermin Lopez (Adrian Bernabe, 73. min), Alex Baena (Beñat Turrientes, 81. min); Sergio Gomez, Aimar Oroz (Jon Pacheco, 88. min) eta Abel Ruiz (Sergio Camello, 81. min).
Golak: 1-0: Enzo Millot, 12. min. 1-1: Fermin Lopez, 18. min. 1-2: Fermin Lopez, 25. min. 1-3: Alex Baena, 28. min. 2-3: Maghnes Akliouche, 79. min. 3-3: Jean-Philippe Mateta, penaltiz, 93. min. 3-4: Sergio Camello, 100. min. 3-5: Sergio Camello, 121. min.
Epailea: Ramon Abatti (Brasil). Txartel horia atera die Manu Kone eta Loic Bade frantziarrei eta Adrian Bernabe, Alex Baena, Juan Miranda eta Jon Pacheco Espainiako selekzioko jokalariei.